Osakidetzak Laudion eraikiko duen anbulatorioaren kokapenaren afera itxitzat eman du Udalak. Hala jakinarazi dute gaur Udal Gobernuko kideek (EH Bildu eta Omnia) gaia azaltzeko eskainitako prentsaurrekoan. Jakinarazi dute obra lizentzia onartu egin dutela, horretarako “legezko baldintza guztiak” betetzen dituelako. Hala ere, gogorarazi dute ez daudela ados aurreko legealdian kokapena zehazteko erabilitako prozedurarekin. “Izan ere, ez zen herritarren parte hartzea bideratzeko prozesurik sustatu, eta presazko erabaki batean oinarrituta, ez ziren irisgarritasun edo bestelako irizpideak behar bezala kontuan hartu”.
Obren lizentzia aurrera doan arren, Udalak jakinarazi du “sakonki” aztertu duela lurren lagapenaren espedientea, “eta amaitu gabe dagoela egiaztatu du”. Tokiko erakundearen arabera, urtebete eman du prozesuak geldirik, “premiaz hasitakoa bada ere”. Anbulatorioa eraikitzeko erabiliko diren lurrak Udalarenak dira berez, eta Osasun Sailari lagatu behar zaizkio.
Udalak jakinarazi duenez, lurren lagapen espedienteak urtebete eman du geldirik, premiaz tramitatu zen arren.
Horren aurreran, “harridura” agertu du egungo Udal Gobernuak, berari egokitu zaiolako “lurren desafekzioa erregistroan inskribatzea”. “Are gehiago, Osoko Bilkurak 2022ko urtarrilaren 31n Osakidetzarekin lurren lagapenerako hitzarmena onartu bazuen ere, oraindik ere sinatu gabe dago”, gehitu du Ainize Gastaka alkateak, eta nabarmendu du hitzarmen hori sinatzea beharrezkoa dela lurren lagapena ixteko.
Udalak aurreikusi du bi prozesuak (obrena eta lurren lagapenarena) "paraleloki" garatuko direla, elkarren artean harremana duten arren, “bi afera ezberdin” direlako berez.
Zerbitzu berriak negoziatu nahi dituzte Osakidetzarekin
Gauzak hala, esan bezala, Udalak bukatutzat eman du azpiegitura berriaren kokapenaren eztabaida, eta beste lehentasun batzuk markatu ditu. Alde batetik, anbulatorioak eskainiko dituen zerbitzuak negoziatu nahi ditu Osakidetzarekin (aipatutako lagapen hitzarmenaren barruan), “ahalik eta ekipamendu osatuenak” izateko. Ildo horretan, “herritarren parte hartzea” sustatzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela nabarmendu dute.
Anbulatorioak izan beharko lituzkeen hobekuntzez galdetuta, nabarmendu dute otorrinolaringologia eta ekografia zerbitzuak jarri beharko liratekeela, herritarrak Basauri edota Usansolora joan behar ez izateko. Hala ere, espezialisten maiztasuna ugaritu behar dela nabarmendu dute bereziki, eta espero dute eraikin berrian horretarako aukera egotea.
Latiorroko irisgarritasuna aztergai
Horrez gain, irisgarritasuna bermatzea ere izango da Udal Gobernuaren lehentasunetako bat, “hori delako kokapenarekin ados ez daudenek erakutsitako argudio nagusiena”. Horri begira, “alternatibak aztertzen” daudela aurreratu dute, eta iradoki dute Latiorroko eskailera mekanikoak estaltzea izan daitekeela egingo dute jardueretako bat, “beste batzuen artean”.