Autoglas-Glavistaren lurrak desjabetzea proposatu du Elkarrekin Podemosek Arabako Batzar Nagusietan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 25a, 18:55

Elkarrekin Podemoseko kideak Autoglas-Glavista barruan, bertako langileek hilabete hasieran eginiko itxialdian. / Elkarrekin Podemos

Aiaraldea berrindustrializatzeko 25 milioi euroko plana osatzea ere proposatu du Elkarrekin Araba batzarkide taldeak. 

Mozioa aurkeztu du Elkarrekin Arabak (Podemos, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Alianza Verdek osatutako taldeak) Batzar Nagusietan. Testu horren bidez, opozisioko taldeak Autoglas-Glavistako Enplegua Erregulatzeko Espedientea ekiditea eskatu die Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta neurri bat jarri du mahai gainean horretarako: fabrikaren lurrak desjabetzea Guardian multinazionalari.

Funtsean, Interbentzio Plan bat eratzea eskatu du Elkarrekin Arabak. Plan horren lehen urratsa bitartekaritza lana egitea izango litzateke. Fase horretan, Javier Garcia Marquez enpresariak aurkeztutako eskaintza aztertuko litzateke, proiektu horren bideragarritasuna aztertzeko.

Baina, "bitartekaritza horrek porrot egingo balu", bigarren fasea jarriko litzateke abian: "Glavistarako Salbamendu Plan Publikoa". Enpresaren funtzionamendurako beharrezkoak diren lursailak desjabetuko lirateke orduan, Elkarrekin Arabak planteatutako proposamenaren arabera. Horrez gain, erakunde publikoak Autoglas-Glavistako akziodun bihurtzea ere aurreikusiten du talde politikoak, eta 240 lanpostuak mantentzea. 

Horri lotuta, beste proposamen bat ere plazaratu dute mozioan: beste 25 milioi euro bideratzea Aiaraldea berrindustrializatzeko. Diru horren %50a diru-laguntza publikoetan banatuko litzateke, %25a kreditu itzulgarri bezala eta gainerako %25a partaidetza-mailegu moduan. Elkarrekin Arabaren ustez, eskualdeko Udalek ere ekarpena egin beharko lukete plan ekonomiko horretan. 

Posiblea da Elkarrekin Podemosek proposatzen duena egitea?

Elkarrekin Podemos ez da lehena izan Guardianen lurren desjabetzea planteatzen. Autoglas-Glavistako langileek jarri zuten aukera hori lehen aldiz mahai gainean, urriaren 6an eginiko mobilizazioan botatako oihuen bidez:

Aiaraldea Komunikabideak bi aholkulari juridikori galdetu zien orduan aukera horren inguruan. Hemen irakurri daiteke gaiari buruz osatutako erreportajea. 

Elkarrekin Podemoseko kideek aitortu dute planteatutako neurriak "oso gogorrak diruditela", baina ziurtatu dute Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza gai direla horiek abian jartzeko. "Gainera, uste dugu inbertsio hori eta ahalegin horiek administrazioari itzuliko zaizkiola, eskualdeko enplegu, gizarte-ongizate eta aberastasun gisa", defendatu du Jose Damian García-Moreno bozeramaileak. 

Mobilizazioa bihar

Bien bitartean, mobilizatzen jarraitzen dute Autoglas-Glavistako langileek. Biharko jarri dute zita: Guardianen atarian bilduko dira 12:30etatik 14:00etara, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide