Esti Urresola zuzendariak sari berria gehituko du bere palmaresean. Izan ere, urriaren 31n Ethical Film Award aitortza jasoko du Tokion, nazioarteko zinema jaialdian.
Festibalak bere 32. edizioa egingo badu ere, estreinako aldiz banatuko du sari hori, zeinak publikoki goraipatzen duen egungo gizarte gai garrantzitsuak jorratzen dituen pelikula bat. 20.000 especies de abejas ez ezik, The Fisher eta Power Alley ere izendatuak zeuden.
Urresolarena ez da herrialde horretan egon den film euskaldun bakarra, Isabel Hergeraren Sultanaren ametsa, Jaione Cambordaren O corno / The Rye Horn, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien Arnasa Betean: emakume zinemagileak eta Silvia Munteken Las buenas compañías / In the Company of Women ere Japonian eskaini dituzte.
Gainera, Urresola Euskal Herriko zinema eta kultura industriaren ordezkaria izango da urriaren 30ean, euska zinemari buruzko topaketak egingo baitituzte Japonian. Aurkezpen ekitaldia hiriburu japoniarreko Imperial Hotelean egingo dute eta, Bingen Zupiria sailburuaz gain, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Hedatu eta Sustatzeko zuzendaria, Isabel Herguera Sultanaren ametsa filmaren zuzendaria eta Esti Urresola bera izango dira.
Gainera, bertan egongo dira baita ere Japoniako zine industriaren ordezkariak, herrialde horretako euskal komunitatea eta Tokyo University of Foreign Studies Institutuko ikasle eta irakasleak.
Urresolaren filmak aitortza uzta garrantzitsua izan du jadanik: Donostiako Zinemaldian, Helsinkin, Seulen, Berlinen edota Malagan saritu dute, besteak beste.