Arimen Gaueko ospakizunak eta giroa baliatu ditu Laudioko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua dagoen greba feminista orokorraren deialdia zabaltzeko. Dozenaka lagun bildu dira gaur iluntzean eginiko kalejiran. Anbulatorioaren paretik abiatu dira, eta zaintzari lotutako beste bi gune bisitatu dituzte: Matxintxu Haurreskola eta San Roke nagusien egoitza.
Modu horretan, "kalabazak" eman nahi izan dizkiote egungo zaintza sistemari. Pankarta bana eta aldarri zehatzak itsatsi dituzte gune bakoitzean, zaintza sistema publiko komunitarioaren aldarriak oihukatu bitartean. Gainera, aldarriak danbor hotsekin nahastu dira ibilbidearen zati batzuetan, Aiarako batukada feministako kideen eskutik.
Argazkiak: Laudioko Mugimendu Feminista eta Txabi Alvarado Bañares