Laudioko Udaleko dozenaka langile bildu ziren atzo goizean Herriko plazan eginiko elkarretaratzean. Modu horretan, atxikimendua eman nahi izan zioten Euskalgintzaren Kontseiluak bihar Bilbon deitutako mobilizazio nazionalari.
"Euskararen aurkako oldarraldiari" aurre egitea izango da biharko deialdiaren xede nagusia, antolatzaileek zehaztu dutenez. Horri lotuta, aipatu behar da Laudioko Udala izan dela euskararen normalizaziorako politiken aurkako ebazpen judiziala jaso duen erakundeetako bat.
Hain zuzen, epaile batek hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuen langile bat berriz kontratatzera derrigortu zuen iaz tokiko erakundea, "euskara ikasteko zaila den hizkuntza" dela argudiatuta, besteak beste.
17:00etan abiatuko da biharko mobilizazioa, Bilboko Bihotz Sakratutik. Laudioko Udaleko langileez gain, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko kideek ere egin dute bat deialdiarekin, eta trenetan hitzorduak zabaldu dituzte Bilbora joateko.