Urriko udal osoko bilkuran egondako desadostasuna prentsa oharrean islatu du EAJk. Zehazki, asteleheneko udalbatzako erregu eta galderen txandan, Ander Añibarro bozeramaile jeltzaleak udal gobernu taldeari leporatu zion Abasto plazako birgatzeari lotutako dirulaguntzak mantentzeko luzapen eskaera ez izana.
EAJk hori ondorioztatu zuen gaiari lotutako udal txostenean ez zegoelako horrelakorik, baina Jakinda Artaraz zinegotziak erantzun zion Laudio Haziren akatsa izan zela informazio guztia jaso ez izana.
Alegia, zinegotziak azaldu zuen berak bazuela mezu elektronikoa zeinean Espainiako Ministerioak adierazi zion luzapena lortzea ezinezkoa zela. EH Bilduk eta Omniak neurri hori eskatu behar zuten aurreikusten zutelako plaza birgaitzeko obretan giza hezurrak agertuko zirela (antzina hilerria elizaren alboan zegoelako) eta ikertzeko beharra egongo zela.
Udalbatza amaitzean, aipatutako mezu hori jaso zuen oposizioko alderdi nagusiak, eta EAJk adierazi du komunikazio hori Merkataritzako Estatu Idazkaritzari zuzendutako kontsulta batzuk direla, eta ez luzapen eskaera.
Ondorioz, Ander Añibarrok uste du udal gobernu taldeak ez duela egia esan: "Atzerapen ofizial bat eskatu ahal izateko, administrazio-prozedura zuzena kasu honetan erabilitakoaren oso bestelakoa da; izan ere, eskaera Udaleko erregistrotik atera behar da, proiektuaren arduradunak sinatuta, hala nola arloko arduradunak, zinegotzi ordezkariak eta/edo alkateak irteera-zenbaki batekin, eta eskaera justifikatzen duten txostenak edo dokumentuak sartu behar dira, baina hori ez da bete, egiaztatu ahal izan dugun bezala".