Arrakastatsuak izan ziren uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran ospatutako Ugarteko Jaiak. Ehunka lagun bildu ziren Laudioko auzo horretan, gau partean bereziki, baina baita egun osoan antolatutako jardueretan ere.
Baina Jai Batzordeko kideek gehiago nahi dute, eta Ugarte Eguna antolatu dute larunbat honetarako, goizetik arratsaldera arte luzatuko den egitarauarekin.
Haurrentzako jarduerekin hasiko dute eguna, 11:00etatik aurrera. 12:30ean, aldiz, ibilaldi gidatua egingo dute auzoan barrena. Jende gehiena bazkarian biltzea aurreikusi dute. Tiketak Ugarteko tabernetan daude eskura, eta gaur da erosteko azken eguna.
Bazkalostean musikak hartuko du protagonismoa, bingo musikatua egongo baita. Ondoren, JotaKe erromeria eta DJ Herri Sound arituko dira arratsaldea girotzen, 18:00etatik aurrera.
Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez, “udako festak baino lehen” atera zen larunbat honetako ekimena egitearen ideia, ikusi zutelako “auzoan bestelako ekimenen bat" gauzatu behar zela jaiez gain, "auzokideak saretzeko aukera eman zezakeena”.
Gauzak hala, “saretze egun” bat izatea nahi dute antolatzaileek, “auzokideok gure artean erlazionatu eta auzoa bizirik mantentzeko horrela ekimenak antolatu behar ditugula aldarrikatzeko”.
Indaba Jaia
Larunbateko ekintzez gain, antolatzaileek gogorarazi dute beste zita bat egongo dela igandean auzoan: Indaba Jaia. Bertan parte hartzeko deia ere luzatu diete bizilagun guztiei.