Jendetza elkartu zen azaroaren 18an Faktorian Matx eta Ibil bediren kontzertuaz gozatzeko. Bi taldeek Faktoriatik abiatutako zirkulua itxi zuten larunbatean, berriro bueltatzeko aukerari atea parez pare zabalduz.
Malen Atxak Faktorian eskaini zuen bere lehenengo kontzertua 2021ean. Egoitz Uriarterekin igo zen eszenatokira, ordura arte kaleratutako abesti bakan batzuk kantatzera. Geroztik ibilbide emankorra izan du artista laudioarrak. Aurten bere lehenengo EPa kaleratu du: Katarsia. Denbora guzti honetan bidelagun izan dituen Cuatro Bancos taldeko kideekin eskaini zuen emanaldia Faktorian, publikoa asebetez.
Ibil Bedik hartu zuen jarraian Matxen lekukoa. Nafarrek 2018an ekin zioten bideari eta honezkero hiru lan luze plazaratu dituzte, azkena aurten bertan; Goldea. Matxek bezala, Ibil Bedik ere lotura estua du Faktoriarekin. 2019an egon ziren lehenego aldiz Aiaraldeko euskararen espazioan, egun Faktoria dena pabiloi huts bat zen garaian. 2021ean, pandemia betean, errepikatu egin zuten. Faktoriako talde kuttunak hirugarren kontzertu borobila eskaini zuen larunbatean, laugarren bat egongo dela zin eginda.
Argazkiak: Naia Vallejo