Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak euskara "zaila" dela argudiatu zuen epaileari arrazoi eman ostean, mobilizatzeko deia egin dute euskalgintzako eragileek. Bihar, abenduak 21, 18:00etan, Laudioko Herriko plazan elkartuko dira "euskarafobotzat" jo duten epaia irmoki salatzeko.
2022ko otsailean egin bezala, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak indarrak batu, eta "euskararen aurkako oldarraldiaren" barruan kokatu duten ebazpen judizialaren aurka mobilizatuko dira. Bilbon azaroaren 4an altxatutako olatuari segida eman nahi diote biharko elkarretaratzearekin: "Bilbo bete genuenak gara eta berriz ere irekiko dugu aterkia euskarafobia eta eskubideen aurkako erasoen kontra".
"Epaileen oldarraldia"
EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ondorioz, duela urtebete baino gehiago Ana Maria Martinez Varas epaileak adierazitakoa bete beharko du Laudioko Udalak. Martinez Varasek "Euskara munduko bosgarren hizkuntza zailena" zela argudiatu zuen hizkutza eskakizunak betetzen ez zituen langile publikoaren aferan.
Udalak beste bide judizial batzuk arakatu beharko ditu hilabeteko epean, Auzitegi Nagusiaren ebazpenari aurre egiteko, instantzia judizial nagusiagoetan helegitea aurkeztea edo ez baloratuta.