IRATXE LARRAZABAL

"18 urterekin hasi nintzen ogia saltzen azokan eta 28 urte igaro dira geroztik"

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 28a, 13:20

Iratxe Larrazabal Aldai plazan duen postuan. / Aiaraldea.eus

IRATXE LARRAZABAL (Laudio) tokiko ekoizlea omenduko dute Neguko Azokan igandean eta azokan egindako ibilbidea azaldu du.

Nola jaso duzu aitortza?

Eskertzekoa da, horrenbeste urte plazan igarota, eskertzen dut ni gogoratzea. Izan ere, 18 urte nituenetik jartzen dut saltokia plazan. Hau da, 28 urte eman ditut hemen. Lehenik eta behin, Abasto plazan mahai txiki batekin.

Asko aldatu da dena?

Orain produktu gehiago dago eta ondo saltzen da. Pandemia garaian makal ibili gara, baina orain ondo gaude, ni behintzat.

Egia da orain burokrazia gehiago dagoela. Hasi nintzenean ez zegoen horrenbeste paper betetzeko beharra.

Uste zenuen hain denbora luzea emango zenuela azokan?

Guk beti bizi izan gara baserrian. Betidanik ikusi dugu eta animatu ninduten ogi apur bat egitera. Poliki-poliki hasi nintzen eta ahal dudanean, gehiago egiten dut.

Nik amarekin ikasi nuen ogia egiten. Berak egiten zuen eta Baserritar Egunean jaisten zen saltzera. Gu txikiak ginen eta berarekin ikasi nuen.
Bera hil zenean, bizpahiru urtez ez ginen jaitsi azokara, baina jendea hasi zen eskatzen eta nik hartu nuen ardura, apurka-apurka.

Hasieran ogiak ez ziren oso ondo geratzen, baina behin erritmoa hartuta, ondo egin nuen. Gero egia da egun batzuetan beste batzuetan baina gozoago daudela, baina bizitzako edozein esparruan bezala. 

Zer da gehien gogoko duzuna baserriko bizitzatik?

Dena, baina, bereziki, nire kaxara nagoela. Lan egin nahi baduzu, egiten duzu, bestela ez. Inork ez dizu agintzen.

Gu pisu batean bizi izan gara umeak ginenean, baina eskola amaitzean irrikan geunden baserrira igotzeko. Beti ibili izan gara hortik gurasoekin patatak ateratzen, belarra mozten... Ahal genuena egiten genuen eta oso gogoko izan dugu beti.

Zein da lan gehien ematen dizun produktua?

Ogia, bere gainean egon behar baitzara. Denbora behar da. 50 ogi egiteko zazpi ordu edo behar dituzu. Ez da okindegi batean bezala, osagaiak botatzen dizkietela lehenago igotzeko, hau artisautza da. 

Barazkiekin eta animaliekin ere lan egiten duzue.

Bai, eta guztiak gogoko ditut, baina barazkiekin zenbait urtetan txarto dator eguraldia edo dena delakoa, eta pikutara doaz, lan handia egin ondoren. 

Behiak eta ardiak ere baditugu eta polita da arkumeak ditugunean. Ematen du urtebetez egindako lana islatzen dela. 

Nola ikusten duzu zure burua orain?

Uste dut egoera asko aldatu dela. Jendeak orain gehiago erraparatzen dio jaten dionari. Gehiago baloratzen da hurbileko produktua. Hori bai, jende nagusia da gehiena. Gazteak animatu behar dira.

Ospatuko duzu aitortza?

Ez dakit. Gauean bada ere, txanpan apur bat hartu beharko dugu etxekook!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide