Gaur egin dute Laudioko pentsiodunek aurtengo lehen elkarretaratzea. Astelehen guztietako dinamika jarraitu dute oraingoan ere: Herriko plazan bildu dira ordu erdiz, pentsio duinen aldeko aldarria zabaltzeko. Baina ez dira horretara mugatu. Udaletxera jo dute protestaren amaieran, Usansoloko Ospitalera joateko autobusaren aldarria eraikineko balkoi nagusian jartzeko.
Duela urtebete ekin zioten Aiaraldeko pentsiodunek osasun zentrora joateko autobus zerbitzu zuzena eskatzeari, orain dagoen autobusak ibilbide luzeegia duela iritzita. Sinadura bilketa abiatu zuten, mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko hainbat udalerrietan eta beste hainbat talde politiko eta eragilek egin dute bat euren aldarriarekin.