Ehunka lagunek salatu dute David Hernandezen heriotza Laudioko Osasun Zentroaren aurrean, sindikatuek deituta

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 16a, 13:53

David Hernandez laudioarraren heriotza salatzeko ehunka lagun elkartu dira gaur eguerdian Osasun Zentroaren atarian. Osakidetzaren kudeaketak herritarrak arriskuan jartzen dituela salatu dute sindikatuek. JEZeko Enpresa Batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak mobilizazioa deitu dute ostiralerako.

Jendez gainezka egin dute Laudioko Osasun Zentroaren inguruek. Ehunka lagun batu dira bertan, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, asteburuan gertatutako heriotza salatzeko. Urtarrilaren 12an David Hernandez 42 urteko laudioarra zendu zen anbulatorioan, bihotzekoak jota, une horretan Osasun Zentroan medikurik ez zegoela.

Gertatutakoak agerian utzi du, sindikatuen aburuz, Osakidetzak azken urteetan pairatu dituen "murrizketa eta desmantelazio" prozesua. Hain zuzen ere Osasun sistema publikoaren gaur egungo kudeaketak "herritarren bizitzak arriskuan" jartzen dituela aldarrikatu nahi izan dute gaurko mobilizazio jendetsuan.

Etengabeko Arreta Guneetan mediku baten presentzia egotea derrigorrezkoa dela azpimarratu dute sindikatuek. Salatu dutenez mediku falta hori bereziki nabaria eta larria da Aiaraldea kokatuta dagoen OSI Barrualden. Hori gutxi balitz Euskal Herriko beste hainbat eskualdetako Etengabeko Arreta Guneen itxiera ere salatu dute.

Manifestazioa ostiralean

JEZeko Enpresa Batzordeak lankidearen heriotza salatu nahi izan du ere. Gaur elkarretaratzen izan dira "Aski da!" zioen pankarta batekin, eta ostiralean manifestazioa deitu dute SOS Aiaraldea plataformarekin batera.

"Osasun sistema publiko eta duin baten alde" lemapean Laudioko Herriko Plazatik abiatuko da manifestazioa datorren urtarrilaren 19an, 18:30ean. JEZeko Enpresa Batzordetik herritar orori luzatu diote parte hartzeko deia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide