ANALISIA

Autoglas- Glavista: Erortzear dagoen domino pieza

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urt. 19a, 12:05

Atzo elkarretaratzea egin zuten beharginek Guardianen aurrean. / Autoglas-Glavistako Enpresa Batzordea

Dagoeneko urtebetez luzatu da Autoglas-Glavistaren itxieraren eta bertako 240 langileen kaleratzearen aurkako borroka, baina oraindik ez da amaitu. Enplegua erregulatzeko espedientearen prozesua gehiago luzatuko dela dirudi, eta beharginek, bien bitartean, mobilizatzen jarraitzen dute, egoera batere baikorra ez den arren. 

Ia urtebete igaro da Autoglas-Glavistako egoerak eztanda egin zuenetik. Autoentzako haizetakoak ekoizten dituen enpresa 2023ko urtarrilean sartu zen hartzekodunen aurrelehiaketan, eta orduan ekin zioten langileek mobilizatzeari, eta horretan jarraitzen dute. Atzo bertan elkarretaratzea egin zuten Guardianen atarian, enpresa horrek gatazkan duen erantzunkizuna seinalatzeko.

Aspaldiko asmoak

Baina prozesua ez zen duela urtebete hasi. Gaia perspektibarekin ikusteko, ia hamar urte egin behar dira atzera, 2012. urtera. Garai hartan, fabrika hori Guardianen barruan zegoen, ez zen enpresa independentea. Urte horretan iragarri zuen multinazionalak 139 langile kaleratzeko asmoa zuela, eta horietako gehienak ziren Autoglas-Glavistakoak. Horregatik uste dute sindikatuek Guardianek oso aspalditik zuela lantegi hori desegiteko asmoa. Baina plana ez zen aurreikusi bezala atera: langileek hirurogei eguneko greba mugagabea abiatu zuten eta enpresak bertan behera utzi zituen bere asmoak. 

Guardianek aspalditik izan du Autoglas-Glavista paretik kentzeko asmoa eta 2020. urtean lortu zuen, 
enpresa Parter Capital inbertsio funtsari saldu zionean.

Baina 2020an Guardianek Parter Capital inbertsio-funtsari saldu zion Autoglas-Glavista, “inolako abisurik gabe”. Sindikatuek behin baino gehiagotan kalifikatu dute Parter Capital “funts putre” gisa, eta badituzte hori esateko arrazoiak: enpresaren jabeak Entzutegi Nazionalaren begiradapean egon dira beste enpresa bat (Alcoa) porrotera eramateagatik. 

Balizko eroslea

Horrela iritsi zen Autoglas-Glavista aurtengo egoerara. Dena den, udan bazirudien langileek motiboak zituztela pozik egotelo: bazegoen enpresa bere gain hartzeko zegoen balizko inbertsore bat, erakunde publikoen oniritzia zuena gainera. Baina dena azken unean okertu zen berriz: Autoglas-Glavistaren lantegiko lurrek Guardianenak izaten jarraitzen dute, eta multinazionalak uko egin zion terreno horiek enpresaren erosleari saltzeari. 

Oraindik ere ez dago argi zehazki hartu zuen multinazionalak erabaki hori. Argi dagoen gauza bakarra da bere jarrerak berriro kinka larrian jarri zuela fabrikako 240 langileen etorkizuna. Are gehiago: Guardianeko langileei ere zalantzak sortzen hasi zitzaizkien enpresak Laudion etorkizunera begira dituen edo ez dituen planen inguruan. 

Langileek uste dute Autoglas- -Glavistarena “dominoaren lehen pieza” izan ahal dela

Gauzak hala, eurak ere mobilizazioetara batu ziren udan, greba egun bat deituta, eta urteko azken txanpan ere elkarrekin mobilizatu dira bi enpresetako langileak; bien etorkizuna, 2012ko greba hartan bezala, erabat loturik dagoela ikusita. 

Ildo horretan, hainbat mobilizazio eta elkarretaratze egin dituzte beharginek, eskualdean zein eskualdetik kanpo. Bereziki deigarria izan zen urrian egin zutena, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak sartu zirenean. Hainbat langilek bi eguneko itxialdia egin zuten fabrika barruan, eta elkartasun olatua jaso zuten eskualdeko ehunka lagunen partetik. 

"Guardian errudun"

Sindikatuak, euren aldetik, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen prozesu legalean sartuta igaro dituzte azken hilabeteak. Prozesu korapilatsua da, eta ez batere gardena. Hor jokoan dagoena bada Guardianek zenbaterainoko ardura hartuko duen Autoglas-Glavistako langileen etorkizunean, ulertuta, sindikatuek dioten moduan, egoeraren “erantzule nagusia” dela. Une honetan, prozesua blokeatuta dago, Autoglas-Glavistaren salmentaren kontratua ematea eskatu baitio epaileak Guardiani.

Hala ere, Autoglas-Glavistako langileen aurreikuspenak nahiko ezkorrak dira, eta ez soilik euren lanpostuei dagokionez. “Autoglas-Glavista ixten bada, Aiaraldean eta Araban egongo den enplegu suntsiketaren dominoaren lehen pieza izango da”, ohartarazi zuten langileek abenduan eginiko prentsaurrekoan. Eta badaude pieza gehiago kolokan jada; Vidralak (beira lantzen duen Laudioko beste enpresa nagusiak) berriki jakinarazi du 90 enplegu suntsitzeko eta labe bat ixteko asmoa duela, adibidez. Ikusteke dago noraino iritsiko den domino-segida.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide