Markak hautsi ditu San Blas azokak

Erredakzioa 2024ko ots. 4a, 15:13

30 urte bete ditu ekimenak aurten, eta Terentzio XIV txerria izan da inoiz bertan egondako pisutsuena, 486 kiloen langara iritsita. 

Arrakasta nabarmena izan du aurtengo San Blas azokak. Goizetik gauera luzatu zen egitaraua atzo Laudioko Aldai plazan, makina bat ekintzarekin. Terentzio XIV txerria izan zen ospakizunaren protagonista nagusia. Osteguneko merkatuan ikusgai egon ostean, animalia hil zuten, eta bere haragia ustiatzeko prozesu guztia jendarteratu zuten larunbat goizean zehar: gorpua erre zuten lehenbizi, eta tripak kendu zizkioten jarraian, garabi baten bidez eskegita jartzeko.

Orduan hasi zen eguneko ekintza deigarrienetako bat: txerriaren pisuaren inguruko apustu herrikoia. Ohikoan bezala, dozenaka herritarrek parte hartu zuten porran, baina bostek baino ez zuten lortu pisu zehatza asmatzea. Iluntzean pisatu zuten animalia eta orduan konturatu ziren aurtengo azoka, hein batean, historiara pasako dela, inoiz Laudioko San Blasetan egondako txerri pisutsuena izan baita Terentzio XIV, 486 kilorekin.  

Azoka 1994. urtean hasi zen egiten, eta orduko antolatzaileak omendu dituzte aurtengo edizioan, 30 urte igaro direlako

30 urteko ibilbidea

Baina txerria ez zen eguneko protaonista bakarra izan. Omenaldien txanda izan zen eguerdian. Lourdes Barbara Barbarak eta Pedro Mari Isusi Caminok jaso dute aitortza aurten, Gorizabal baserrian azken 40 urtetan eginiko lanagatik. Baina beste hainbat pertsona ere igo ziren oholtzara. Izan ere, aurten 30 urte bete dira San Blas azoka ospatzen hasi zenetik, eta lan horretan 1994tik hona aritu diren pertsonak ere omendu nahi izan zituzten, guztiei aurreskua dantzatuta. 

Ekitaldi horren ostean banatu zituzten Txerripata Txapelketako sariak. Aretako bizilagunak nagusitu ziren norgehiagokan, lehen bi postuak eskuratuta (Aroa Zaballak lortu zuen lehen saria, eta Carlos Jimenezek bigarrena). 

Ehunka lagun animatu ziren azokan sortutako jai giroaz gozatzera. Dantzak, Arloteen emanaldia, herri kirolak, tokiko ekoizleen postuak eta beste hainbat jarduera egon ziren egun osoan zehar, argi utziz San Blas azoka, 30 urte beranduago, Laudioko zita esanguratsuenetako bat izaten jarraitzen duela.

Argazkiak: Miguel Brizuela, Izar Mendiguren, Iera Garaio eta Txabi Alvarado

Erlazionatuak

“Borroka aktiboa da baserritarrona”

Txabi Alvarado Bañares ots 02 Laudio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide