AITOR ARANA MEDINA

“Bartzelona oso handia da, baina auzokideen arteko harremanak estuak dira”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 18a, 07:00
Erizaina da ogibidez Aitor Arana. / Aiaraldea.eus

AITOR ARANA MEDINA duela urtebete joan zen Bartzelonara lanera, esperientzia berriak eta bizimodu aldaketa zituen helburu. Bere egunerokoaren berri eman dio Aiaraldea Komunikabideari.

Zerk eraman zaitu Bartzelonara?

Betidanik gustoko izan dut Bartzelona. Hona bizitzera etorri baino lehen, bisita asko egiten nizkien hemen ditudan lagunei eta etxera bueltatzeko orduan beti sentitzen nuen hemen geratzeko nolabaiteko “beharra”.

Beraz, duela urtebete hona bizitzera etortzeko erabakia hartu nuen bizimodu aldaketa baten bila eta esperientzia berri eta anitzen bila, besteak beste.  

Nolakoa da zure egunerokotasuna?

Hasiera batean erabaki nuen niretzat denboralditxo bat hartzea. Hortaz, hasierako hilabeteetan aurrezki batzuekin hiria ondo ezagutzeko eta deskantsatzeko aprobetxatu nuen. 

Baina hemen diruak esku artetik oso azkar ihes egiten du, beraz, lana bilatzen hasi eta segituan hartu ninduten hemengo ospitale batean erizain bezala lan egiteko. 

Hiri handia da Bartzelona, alde handia dago Laudioko bizitzarekin konparatuta?

Laudion ohiko gauzak egiten nituen: lanera joan, lagunekin atera, gertuko mendietara joan… eta nire bizitzako puntu honetan rutina honetatik alde egin nahi nuen; esan dudan bezala, esperientzia berriak bizi, leku eta jende berria ezagutu… 

Bartzelona oso handia da baina aipagarria da auzoetan ekintza asko antolatzen direla eta auzokideen arteko harremanak asko sustatzen dira. Adibidez, orain calçot-en garaia dela, auzo guztiek calçotadaren bat antolatzen dute. Nire auzoan ere bi baratze daude, auzokideek kudeatuta.

Bartzelona ezaguna da sorkuntza eta kultura espazio anintzengatik.

Askotariko espazioak daude eta, aipatu dudan bezala, lehenengo hilabeteetan hauek ezagutzeko aprobetxatu nuen, batez ere museoetara eta kontzertu-geletara joateko. Gainera, etengabe berriztatzen ari den hiri bat da eta nahiz ta leku ezberdinak ezagutu, beti aurkituko duzu ezagutzen ez duzun espazioren bat. Hala ere, honek ere bere alde txarra dauka. Izan ere, askotan ez daukazu inprobisatzeko astirik, beti denborarekin erosi behar dituzu sarrerak edo ilara luzeak itxaron behar dituzu. 

Katalana ikasten zabiltza? 

Bai, duela gutxi hasi nintzen hemengo hizkuntza eskola batean. Erraza iruditzen zait eta kalean asko entzuten da. Katalan askok esan didaten bezala, Euskal Herria eta Kataluniaren artean nolabaiteko anaitasun bat existitzen da. Horregatik gutako askok, nahiz eta lanerako edo egunerokotasunerako behar ez izan, haien hizkuntza ikasteko borondatea erakusten dugu. 

Zeintzuk dira Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko desberdintasun nagusienak? 

Eguraldia. Ez dakit aldaketa klimatikoa den ala beti holan den, baina hemen ez dut negua nabaritu. Nahiz eta hemengo eguraldia “hobea” den, hemen ez dago terrazetan egoteko hainbeste ohiturarik, eta hori batzuetan faltan botatzen dut. Pintxoak ere asko botatzen ditut faltan. Baita pintxopoteak ere, jakina. 

Erritmoa askoz azkarragoa da hemen baina ez dut uste Bartzelona izateagatik, baizik  eta hiri handi bat delako. Hasieran pentsatzen nuen itogarria izan zitekeela, baina momentuz ondo moldatzen naiz.

Jendea oso irekia da.  Nabaritzen da etorkin asko daudela eta guztiok gaudela harremantzeko beharrarekin. Nire kasuan, Espainiako toki askotatik etorri diren kuadrilla bat sortu dugu. Hau ondo dagoela deritzot baina batzuetan katalan gehiagorekin harremantzea gustatuko litzaidake.

Bestelakorik? Anekodta aipagarririk?
Hemen mundu guztiak Aitor deitzen didala azentua A-n jarrita. Jada aspertu naiz zuzenketak egiteaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide