AINIZE GASTAKA MARTINEZ

"Osasun Sailaren erantzun bakarra izan zen ez dagoela medikurik, baina ez ziguten aipatu neurririk hori konpontzeko"

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 22a, 14:00

Ainize Gastaka Martinez alkatetzaren bulegoan. / Aiaraldea.eus

AINIZE GASTAKA MARTINEZ Laudioko alkatea Osasun Sailarekin izandako bilerari buruz mintzatu da, udal gobernu taldea ez baitago ados Osakidetzak hartu duen jarrerarekin herriko Etengabeko Arreta Guneari dagokionez.

Otsailaren 14an bilera egin zenuten Osasun Sailarekin. Zein asmorekin parte hartu zenuten?

Egia da urtarrilaren 12an David hil eta gero, herriak barneratu duela badagoela arazo bat Laudioko larrialdietan. Bazegoen aurretik, baina heriotzak agerian utzi zuen tarteka medikurik gabe gaudela.

Horregatik eskatu genuen batzarra Gotzone Sagarduirekin. Alde batetik, adierazteko herriak duen arazoaren pertzepzioa. Bestetik, hiru eskaera ere eraman genituen.

Lehenengoa, mediku arreta une oro bermatzea, eta bere erantzuna izan zen, nahiz eta hori nahi, ez dutela lortzen. Gainera, uste dute ez daudela derrigortuak mediku arreta bermatzeko. Osasun arreta bai, eta hori egiten dute gaixoa beste anbulatoriora bideratuta, anbulantziarekin eta helikoptero zerbitzuarekin, eta orduan, bai, bermatzen dute mediku arreta. 

Finean, funtzionamendua egokitzat jotzen dute, nahiz eta eurei gustatuko litzaiekeen medikua beti egotea. Hala ere, ezin dutenez, horrela kudeatzen dute. 

"Osakidetzak uste du Laudion ez dagoela derrigortua mediku arreta eskaintzera larrialdietan"

Egin genuen bigarren eskakizuna izan zen, medikua ez dagoenez, herritarrak horretaz informatzea. Hor erantzun ziguten informatutzat ematen gaituztela, behin Etengabeko Arreta Gunera joanda, egoera bideratzen dutelako. Izan daiteke Amurriora eramatea, anbulantziara deitzea edo ospitalera eramatea. Guk mahai gainean jarri genuen hori ez dela artatzea, baizik eta desbideratzea.

Herritarra larrialdietara joaten denean, egiten du sinistuta mediku bat egongo dela. Hortaz, hor desoreka dago. Halaber, aipatu ziguten aplikazioa prestatzen ari zirela, baina ez zekiten noizko, ez zekiten zein informazio emango den... 

Udalei informazioa eskatzen ari dira, baina guk nahi duguna da egunean bertan jakitea medikua egongo den edo ez. Ez dakigu aplikazio horrek bermatuko duen informazio hori.

Hirugarren eskakizuna izan zen bitartekaria izatea larrialdietan zerbitzu medikua bermatzeko eta anbulatorio berriarekin sortzen diren egoerak lantzeko (obrak, zerbitzuak...). Erakundeen arteko harreman egonkorra nahi dugu. Euren erantzuna izan zen Osakidetzako zuzendarien zerrenda ateratzea, gaiaren arabera batekin edo bestearekin hitz egiteko. 

"Herritarra larrialdietara joaten denean, egiten du sinistuta mediku bat egongo dela"

Hori web orrialdean begiratu ahal dugu, baina nahi duguna da harreman estua eta bizia. Gertutasuna baliagarria izan daiteke konponbideak bilatzeko.

Zein sentsaziorekin atera zineten bileratik?

Pena handiz. Ez genuen biderik izan negoziatzeko. Nahiko itxia eta urruna izan zen harremana eta Osakidetzaren jarrera.

Eztabaida sortu zen zuen artean?

Behin eta berriz errepikatu zuten ez dagoela medikurik. Guk esaten geniena da eurak direla Osakidetzako kudeatzaileak eta arduradunak eta eurek erabaki behar dutela zein neurri hartu hori konpontzeko. Arazo bat dago eta guk ondorioa pairatu dugu. Udalak ez du eztabaidatu zein erabaki hartu behar duten. Gure lana da neurriak har ditzaten eskatzea. Euren erantzun bakarra zen ez dagoela medikurik, baina ez ziguten aipatu neurririk hori konpontzeko. Hori falta izan zen eztabaidan.

Osakidetzak bileraren bertsio propioa plazaratu zuen aste honetan. Zer iruditu zitzaizun?

Ez nuen besterik espero. Beraiek jarraitzen dute bere horretan eta azkenaldian hartzen ari diren erabakiekin eta bileran izandako jarrerarekin bat dator. 

Daviden familiarekin egon zarete bilera ostean?

Ez, bilera aurretik egon ginen. Harremana izango dugu behar den denbora guztian zehar.

Beste bide bat abiatu nahi duzue medikua bermatzeko Laudioko Etengabeko Arreta Gunean. Zein da?

Guri zegokigun Osakidetzara jotzea udal bezala, baina Laudion ez da artatzen soilik herriko jendea. Horrez gain, Amurrioko anbulatorioarentzat ere erreferentziazko zentroa da. Gure ideia da eskualdeko herri guztietara zabaltzea arazo honen lanketa eta proposatuko dugu hainbat herrietako alkateekin hitz egitea, euren arazoak eta errealitatea ezagutzeko eta erantzun bateratuak izateko.

Medikuen Elkargoarekin ere batuko gara. Izan ere, Osasun Sailak medikuak bilakatu ditu egoeraren erantzule. Hortaz, unea da eurekin hitz egiteko eta euren sentsazioak jasotzeko edo zer proposatzen duten ezagutzeko.

Herritarrentzako deialdia egingo duzue hau lantzeko?

Momentuz ez, badago Toki Batzarra eta uste dugu, tamalez, gai hau luzatuko dela. Bileraren osteko ondorioa da arazoa ez dela konponduko egun batetik bestera. Beraz, horretan jarraitu beharko dugu.

Hau guztia gertatu da anbulatorio berria eraikitzeko prozesuaren erdian eta, adibidez, Latiorron ezinegona dago horrekin. Gaia jorratu zenuten?

Larrialdien egoerara mugatu ginen. Gainera, bilera ez zen erraza izan eta ez zen egon hitz egiteko tarte handirik. Tentsioa azalean zegoen, eta ez gure aldetik.

"Tentsioa azalean zegoen, eta ez gure aldetik"

Ez zen egon zubiak eraikitzeko tarterik?

Gure hirugarren eskakizuna bide horretatik joan zen. Nahi genuen pertsona bat harremana izateko, erreferentzia izateko etorkizunera begira konponbideak eta neurriak berriak bilatzeko, baina ez genuen lortu.

"Anbulatorio berrian ez da zerbitzu berririk egongo"

Anbulatorio berrian zerbitzu berriak egongo dira?

Momentuz, ikusten duguna da herriak jadanik dituen zerbitzuak izango dituela. Buru osasunaren zentroa batuko da, baina zerrendatutako zerbitzuak egun daudenak dira, espazio handiagoan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide