Mahai gainean dago oraindik Laudioko Autoglas-Glavista lantegia ixteko enplegua erregulatzeko espedientea, epaitegietako prozeduren bihurguneetan korapilatuta.
Baina bertako langileek ez dute amorerik eman, euren etorkizuna oso ilun ikusten duten arren. “Autoentzako haizetakoen negozioarekin amaitzear daude, Laudion garatutako 90 urte baino gehiagoko historiaren ostean”, adierazi dute gaur eginiko elkarretaratzean.
Nork nahi du negozioak jarraipenik ez izatea? Argi utzi dute beharginek, beste behin ere, Guardian multinazionala dela egoeraren erantzule nagusia, eta nabarmendu dute arazoa euren egoeratik harago doala. “Hasteko, Glavistako 240 enpleguak desagertuko dira, multinazional amerikarrak (Guardianek), alegia- egoerari buelta ematea erabakitzen ez badu. Ondoren, itxura guztien arabera, zalantzan daude baita Guardian Llodion dauden 150 lanpostu baino gehiago ere, Laudioko fabrikaren etorkizuna bermatuta ez dagoelako”, iragarri dute.
Horri lotuta, Autoglas-Glavistako langileek gogorarazi dute duela urte batzuk (Autoglas-Glavista Guardianen parte zenean) 600 behargin zeudela lanean lantegian, “sortutako zeharkako enplegu guztia kontuan hartu gabe”.
“Industria hilerria”
Horregatik guztiagatik, Guardianek Laudioko erdigunean “industria hilerri erraldoia” utziko duela uste dute beharginek, eta hori irudikatu dute gaurko elkarretaratzean. Egurrezko hainbat gurutze iltzatu dituzte lantegiko aparkalekua inguratzen duen berdegunean. Modu horretan, 240 langileak lanera itzuli ahal izatea exijitu dute, baina ez hori bakarrik: “Eskualdeko osoa da etorkizun oso iluna duena epe motzean, eta horri buelta eman behar zaio”.