Kultur sorkuntza Aiaraldean

Antonio Oyarzabalen azken lana 'Asteko Aurkikuntza' izendatu dute Classic FM irratian

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 28a, 12:15

Antonio Oyarzabalek pianoa jotzen du, eta ibilbide oparoa garatu da azken urteetan.

Gainera, BBC 3 irratian ere elkarrizketatuko dute martxoaren 6an.

Antonio Oyarzabalen La muse oubliée II diskoak ez du asko itxaron behar izan kritika positiboak eta aitortza jasotzeko. 

Pasa den astean sareratu ondoren streaming plataformetan, Isabel Coixet zinemagileak hizpide izan zuen igandean bere irratsaioan, Radio 3 katean.

Aste honetan, Classic FM irrati independente ingelesak 'Asteko aurkikuntza' izendatu du laudioarraren lana. Hedabide hori 1992an sortu zuten kapital pribatuarekin eta 4 milioi entzule baino gehiago ditu.

Modu batean, Classic FMren sorreraren atzean bazegoen BBC 3 irrati publikoarekin lehiatzeko asmoa, eta, hain zuzen, komunikabide publiko horren saio garrantzitsuenean (In tune izenekoa) ere elkarrizketatuko dute zuzenean laudioarra martxoaren 6an. 

Izan ere, hurrengo egunean Witmore Hall areto ospetsuan eskainiko du emanaldia Oyarzabalek.

La muse oubliée II

Antonio Oyarzabalen bosgarren diskoa da La muse oubliée II. Lan horrek aurrekoaren ildo bera jarraitzen du eta 18 emakume konpositoreren piezak berreskuratu ditu. Kasu batzuetan historian lehenengo aldiz grabatu ditu.

Nadia Boulanger, Cecilia Chaminade, Florence Price, Ljubica Máric... hainbat garai eta tokitakoak izanda ere, ezaugarri bera dute denek: emakumezkoak izateagatik ez zutela aitortzarik izan. Oyarzabalek azaldu du motibazioa topatzen duela emakume hauen bizitzetan eta lanean ikertzen, musikaren historiografiak baztertu baititu. La muse oublieé II-k aurreko lanaren bidea hartu du eta aipatzekoa da lehenengo parteak oso kritika onak jaso zituela. Jadanik entzungai dago hainbat plataforma digitaletan eta IBS Classical disketxe ospetsuak CD euskarrian argitaratuko du laster.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide