2022ko uztailean abiatu zuten muralen dinamika Laudioko Kulturzaleak elkarteko kideek, Kulturlab egitasmoaren barruan. Mekanika sinplea du egitasmoak: Laudioko edota eskualdeko sortzaile bati luzatzen diote hilero mural bana atontzeko gonbita Zumalakarregi etorbidean eta Zubiko Kurajo kalean kokatutako paretetan. Lanak hilabete osoan daude ikusgai, hurrengoaren txanda iritsi arte.
Aurten ere segida emango diote dinamikari, baina lanak bi hilabetez egongo dira ikusgai. “Pertsona askok eskatzen dute muralak etengabe mantendu ahal izateko leku bat bilatzea, baina Kulturlabek obraren izaera iragankorraren balioa azpimarratu nahi du, denbora eta leku jakin batean gertatzen baita, eta gero betiko desagertzen delarik”, azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.
Urtarrilean eta otsailean zehar Julen Martin Zaballaren lanak egon dira ikusgai bi paretetan. Bi obrek ardatz bera izan zuten: landare-formak. Hala azaldu zuen artista aretarrak murala jarri zuenean: "Landaretza, nire ikuspegitik, azaleratu egiten da natur zientziaren kanonak artetik edo pentsamendu esperimentaletik tentsioan jartzen direnean. Forma horiek elementu eszenikoen joko baten bidez eraikitzen dira, eta konposizioan ezartzen ari naizen logikaren bidez erlazionatzen dira”.
Martxoan, aldiz, Montse Gonzalez Barredoren txanda iritsi da. Kasu honetan, Zumalakarregi etorbideko horma soilik baliatu ahal izan du, Zubiko Kurajokoa obretan dagoelako. Hala ere, lan horiek amaitzen direnean pareta hori erabiltzen jarraitzeko asmoa duela berretsi du Kulturlabek.
Ibilbide oparoa egin du Gonzalezek artearen esparruan. Pintura irakaslea da Laudioko Kultura Etxean eta Amurrioko Juan de Aranoa Arte Eskolan, eta berea izan zen 2020ko Laudioko Jaietako kartela.
Bere hitzetan, “errebindikazio-asmorik gabeko planteamendu estetiko batetik” abiatuta sortu du murala, “naturan inspiratutako formak eta erritmoak abiapuntutzat hartzen dituzten kolore-harmoniak eta formak bilatuz, eta berriro interpretatuz kolorearen pertzepzio sentigarrian eta emozionalean oinarritutako konposizioak sortzeko”.
Elexalde kaleko lokala, obretan
Kulturlab egitasmoak Elexalde kalean duela urtebete irekitako lokala, aldiz, obretan dago uneotan. Elkarteko kideek jakinarazi dute planak aldatu behar izan dituztela birgaitze-prozesuan, sabaia zein arotzeria uste baino hondatuago zeudelako. Hala ere, maiatzerako berriz zabaltzea espero dute, “Nerea Apodaka artista laudioarraren bakarkako erakusketa indartsu batekin”.
Argazkiak: Kulturlab