Orga jasotzaileak, eta ez ekoizpenerako makinak, eraman zituzten atzo Glavistatik, polizia ugariren presentziarekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 27a, 09:00

Glavistako lantegian polizia ugari agertu zen atzo./ Aiaraldea

Dozena bat makina baino gehiago zituen enpresa batek Glavistan alokairuan eta atzo eraman zituen. Hori bai, Ertzaintzaren zortzi furgoneta ere bertaratu ziren lantegira.

Ezohiko irudia ikusi zuten atzo inguruko enpresetako beharginek Glavistan. Izan ere, goizean Ertzaintzaren brigada mugikorreko zortzi furgoneta eta bi auto agertu ziren itxita jarraitzen duen lantegian. Bitarteko horien arrazoia zen enpresa batek hara jo zuela alokairuan zituen orga jasotzaileak eramatera.

Glavistako langileen ordezkariek azaldu dute poliziaren presentziak ez zuela zentzurik: "Izan ere, orga horiek ez dira lehenago atera Guardianek ez zuelako baimenik ematen. Makinen jabeek epailearen laguntza eskatu behar izan zuten eta azkenean Guardianek utzi dio bere orgak eramatea".

Iturri sindikalek, bide batez, ukatu nahi izan dute ekoizpen makinak eraman behar dituztenik, Vocento taldeko egunkari batek adierazi duen moduan: "Enpresa hartzekodunen lehiaketan dago. Hortaz, makinak salgai daude aspaldi. Kontua da administrariarekin adostu genuela ez eramateko gure kontratuak bertan behera geratu arte".

Gogoratu beharra dago enpresa desagertzeko prozesua atzera bueltarik gabeko bidean sartu dela, fabrika erostean interesa zuen inbertsoreak atzera egin ostean. Hala ere, prozedura nabarmen luzatuko da, epaiketa  ekainaren 18an izango baita. Epaileek Guardianen parte hartzea exijitu dute eta iruzurra gertatu den argitu nahi dute sindikatuek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide