"Pribatizazio eta entxufismoa" leporatu dizkio EAJk Udalari, Lezeaga Aretoaren kudeaketa daraman enpresak Amurrioko EH Bilduko zinegotzi ohi bat kontratatu duelako lan hori egiteko

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 5a, 10:11

Udalak enpresa bat kontratatu du Lezeaga Aretoa arratsaldez ere zabalik egon dadin. / Aiaraldea.eus

Udalak azaldu du enpresak lan deialdi baten bidez hautatu zuela langilea, tokiko erakundearen eta Lanbideren ohiko komunikazio kanalen bitartez.

"Kezka eta haserrea" adierazi ditu Laudioko EAJk Lezeaga Aretoaren kudeaketarako Udalak eginiko kontratazioa dela eta. Ander Añibarroren aburuz, "pribatizazio eta nepotismo" praktikak egon dira prozedura horretan, kanpoko enpresa bat kontratatu delako espazio hori dinamizatzeko, "udal baliabideak aprobetxatu eta dauden lan-zerrenda edo -poltsa batetik berdintasun-teknikari kualifikatuak hautatu beharrean".

Horrez gain, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du aretoaren kudeaketa daraman enpresak Amurrioko EH Bilduko zinegotzia izandako pertsona bat kontratatu duela aretoko kudeatzaile lanak egiteko. Añibarrok uste du "entxufismoaren, laguntasunaren eta klientelismoaren susmoak" elikatzen dituela horrek, eta gaineratu du horiek direla EH Bildu Laudion praktikan jartzen ari den kudeaketa ereduaren ezaugarriak, "OMNIAren konnibentziarekin".

Hala argudiatu du EAJko zinegotziak: "Zergatik ez da deialdi publikorik egin baldintzak betetzen dituen edonork izena emateko eta, merezimendu objektiboetan oinarrituta, lanpostua lortzeko aukera izango duen lan-poltsa bat sortzeko? Zergatik uzten da kontratazioa sektore publikoaren gardentasun- eta meritokrazia-baldintzak betetzera behartuta ez dagoen enpresa baten esku? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak".

Gauzak hala, "kudeaketa-eredu garden eta etiko bat" praktikan jartzea exijitu diote jeltzaleek Laudioko Udal Gobernuari.

Udalak azaldu du lau enpresari eskatu zizkietela Lezeaga Aretoko arratsaldeko zerbitzua kudeatzeko eskaintzak, eta horietako bat hautatu zutela "lau hilabeteko esperientzia pilotu bat abian jartzeko.

Udalaren erantzuna

Udalak oharra plazaratu du gaur bertan, gaiari buruzko azalpenak emateko. Tokiko erakundeak azaldu du Lezeaga Aretoko arreta zerbitzua arratsaldez emateko erabaki zutela "lau hilabeteko esperientzia pilotu bat" abian jartzea, espazioa dinamizatzeaz arduratuko zen enpresa bat kontratatuz. 

Oharrean zehaztu dutenez, lau enpresa gonbidatu zituzten parte hartzera, eta horietako bat hautatu zuten. Horren ostean iritsi ziren hurrengo urratsak: "Kontratatutako enpresak langileak hautatzeko prozesu bat garatu zuen, eta Udalaren eta Lanbideren ohiko komunikazio kanalen bitartez eman zen horren berri. Horrez gain, martxoaren 8ko Tokiko Gobernu Batzordean, Gobernu Taldeak langile berriak hautatzeko prozesua partekatu zuen. Eta kontratazioaren emaitza martxoaren 21ean egindako Zeharkako Politiken Batzordean jakinarazi zen".

Gauzak hala, Udal Gobernuko kideek ziurtatu dute "gardentasunaren eta objektibotasunaren alde" egingo dutela kontratazio prozesu guztietan, "bai zuzeneko kontratazioetan, bai Udalari zerbitzua ematen dioten enpresek egindakoetan". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide