ARGAZKI KRONIKA

Igandeko hauteskundeetan “periferiak erdigunera” ekartzeko deia luzatu du EH Bilduk Laudion

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 17a, 06:02

Ainize Gastakak, Maddalen Iriartek, Mikel Oterok eta Eba Blancok hartu zuten hitza atzo Laudion eginiko ekitaldian, eta Pablo Gorostiagaren udalgintza eredua goraipatu zuten, besteak beste. 

EH Bilduko Aiaraldeko ordezkari ugari bildu ziren atzo Aldai plazan, hauteskunde kanpaina honetako Laudioko ekitaldi nagusian. 

Ainize Gastakak hartu zuen hitza lehenbizi. Laudioko alkateak azken hilabeteetan herrian garatutako politikak jarri zituen balioan, nabarmenduz Udaleko ateak ireki dizkietela udalerriko eragile guztiei. Horri lotuta, garaipen historikoa iragarri zuen iganderako, EH Bildu Laudion hirugarren aldiz gailenduko dela aurreikusita, udal eta foru hauteskundeetan zein Espainiako Kongresukoetan egin ostean. “Orain guri dagokigu bultzada egitea igandean. Eta gogoratu: boto bakoitzak balio du. Boto bakarrak balantza alde batera edo bestera bideratu dezake, eta laudioarrok ondo dakigu boto bakoitzaren balio handia”. 

Pablo Gorostiaga eredu 

Maddalen Iriartek hartu zuen hitza jarraian, publikoko lehen lerroan eserita zegoen Pablo Gorostiagari aipamena eginez. “Pablo ikusi dut Legebiltzarrean, Pablo ikusi dut Udalbiltzan, Pablo ikusi dut kartzelatik ateratzen, Pablo da gure pazientzia estrategiko hori”, nabarmendu zuen txalo artean. 

Pablo Gorostiagaren udalgintza eredua goraipatu zuten Maddalen Iriartek eta Mikel Oterok atzoko ekitaldian, "pazientzia estrategikoaren" eredu gisa hartuta.

Iriarteren hitzetan, “bi ereduen” artean hautatu beharko da igandeko hauteskundeetan. Horri lotuta, gogora ekarri zuen berak Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozak irabazi zituela, eta kooperaziozko gobernu bat proposatu ziola EAJri, baina Alderdi Jeltzaleak nahiago izan zuela agintea PPren botoekin eskuratzea. "Gauza bat geratu behar da argi: Alderdi Popularraren zein eskuin muturraren politika xenofobo, arrazista eta emakumeen zein politika sozialen aurkakoak jarriko dituzte erdigunean edo herri honetako gehiengo handi batzuen aldeko eta esklusiorik gabeko politikaren alde egingo dute? Guk oso argi izan daukagu, duela urtebete eskua luzatu genuen eta orain ere luzatuko dugu, jendea zaintzeko. Izan ere, zertarako da politika, jendea zaintzeko ez bada?".

Periferiak erdigunera

Mikel Oterok hartu zuen Iriarteren lekukoa. Hauteskunde hauetan Arabak izango duen pisua nabarmendu zuen EH Bilduren legebiltzarkideak eta, ildo horretan, deia luzatu zuen igandeko bozetan “periferiak erdigunera” eramateko. 

Iazko Udal eta Foru Hauteskundeetan bizitako “hiru une gogoangarri” ekarri zituen Oterok gogora. Lehena, Gasteizen EH Bilduk irabazi zuela jakin zutenekoa. Bigarrena, Gipuzkoan Maddalen Iriarte gailendu zela jakin zutenekoa. Eta hirugarrena, Natxo Urkixo, Pablo Gorostiaga eta Ainize Gastakak Laudioko Udaleko aginte makila elkarrekin eutsi zutenekoa. Azken une horren argazkia atera zuen Oterok ekitaldian eta, Iriartek bezala, Gorostiagak udalgintzan eginiko lana goraipatu zuen, Frankismoaren osteko garaietan Laudioko oinarrizko beharrizanak asetzeko eginiko lanak gogora ekarrita, bideen asfaltatzea kasu. “Horregatik, niri orain asko amorrarazten nau batzuek herri hau eurek eraiki zutenaren gezurra salduarazi nahi izatea, beste batzuk ‘beste gauza batzuetara’ geunden bitartean. Beste gauza batzuetara? Ba hemen batzuk bideetako putzuak kentzen egon dira duela 45 urte”.

Eba Blancok itxi zuen ekitaldia. Legebiltzarkide amurrioarrak “ilusioaren kanpaina” moduan deskribatu zuen egun hauetan bizitzen ari direna, eta EH Bilduko komunitate politiko guztiak eginiko lana goraipatu zuen. Mamian sartuta, ziurtatu zuen EH Bilduren proposamenak ez direla “postureoa”. “Guk gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dugu, gobernatzen dugun tokietan praktikatzen dugulako”, argudiatu zuen. 

Hainbat erronka eta arazo aipatu zituen jarraian: soldata arrakala, enplegua, etxebizitza edota bizitzaren garestitzea, kasu. Eta aldarrikatu zuen kontu horiek ez direla bideratuko “beti egin dena egiten”. Horri lotuta, nabarmendu zuen badela garaia “herri honek duen potentzialitatea %100ean erabiltzeko”. Horretarako, baina, “estatus politiko berria” behar dela uste du Blancok. “Eztabaida hori eman behar dugu, Euskal Herriaren zati honek beharrezkoa duen jauzia eman dezan. Burujabetza delako tresna eraginkorrena datozen urteetan herri honek bizi izango dituen eraldaketa kulturalak, sozialak, ekonomikoak eta politikoak gauzatzeko”. 

Bukatzeko, bere ama ekarri zuen gogora politikari amurrioarrak: “Nire ama Amurrion jaio zen. Nire aitona bizkaitarra zen eta nire amona Burgoskoa. Pertsona borrokalaria zen ama, athleticzalea, baskonista, abertzale eta independentista. Sentimendu abertzale hori bere ama burgostarrak transmititu zion, urte oso latzak bizi izan zituelako gerraostean bere hiru alabak zaintzen, senarra kartzelan izanda Eusko Gudarostearen Araba Batailoian parte hartzeagatik. (…) Nire ama, sukaldari ona zenez, bazekien gauza onak poliki kozinatzen direla, pazientzia estrategikoarekin, Arnaldok (Otegi) dioen moduan. Badakit zuetako asko identifikatuta sentituko zaretela esaten ari naizenarekin, zuen etxeetan bizi izan duzuelako. Eta orain esaten dute modan gaudela, fenomeno puntual bat izango bagina bezala. Ze oker eta galduta dauden. Ez dute ulertzen zer den EH Bildu, eta ez dute ikusi nahi nondik gatozen eta noraino helduko garen. Ama gaur gure artean egongo balitz, esango nioke: ‘Lasai ama. Duela urte pilo zu bezalako pertsona askok eta askok kozinatu zenutenaren emaitza ukitzen ari gara’”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide