Iazko emaitza oparoen segida luzea apur bat okertu du Tubacexek 2024ko lehen hiruhilekoan. 186,5 milioi eurotan baloratutako salmentak egin ditu, eta 4,8 milioi euroko irabaziak lortu ditu, zergak kendu gabe.
Emaitza positiboa izan arren, kontuan hartu behar da multinazionalak askoz emaitza oparoagoak lortu zituela aurreko hilabeteetan. Gauzak hala, bere gorazko joera etengabea makaldu du enpresa-taldeak.
Hala ere, etorkizun oparoa du konpainiak, marka guztiak hautsi baititu pilatutako eskaeren-zorroan. Zehazki, 1.600 milioi eurotan baloratutako eskaerak ditu egiteke. Enpresa taldeak berak adierazi du proiektu garrantzitsu ugari hurrengo hiruhilekoetan egin eta fakturatuko dituela.
Gauzak hala, "aurreikuspen onak" ditu Tubacexek 2024rako, hiruhilekoetako emaitzak "progresiboki hobetzen" joango direla uste baitu. Horri lotuta, enpresak ziurtatu du bere unitate guztiek dituztela joera positiboak "epe luzera" begira.