Imegarreko greba eten dute, negoziatzen hasi direlako zuzendaritzarekin

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 6a, 19:11

Imegarreko langileak, Laudioko Herriko plazan eginiko agerraldi batean. / Aiaraldea.eus

Gaur egin dute lehen negoziazio bilera langileen eta zuzendaritzaren artean. 

Bertan behera utzi dituzte Imegarreko greba mugagabea eta mobilizazioak, "negoziazioak ahalbidetzeko". LAB sindikatuak jakinaraz duenez, gaur izan dute lehen bilera zuzendaritzarekin, eta horren ostean erabaki dute orain arteko lanuzte jarraitua etetea.

Hala ere, nabarmendu dute erabakia behin behinekoa dela: "Fase honetan ez bada adostasunik lortzen, langileekin batera erabakiko dugu zelan artikulatu erantzuna eta mobilizazioak berriz ere hastea". 

Sindikatuko kideek eskerrak eman dizkiete azken asteetan "langileekin batera" egon diren herritar guztiei, "negoziatzeko aukera irekitzen laguntzeagatik". Apirilaren 17an abiatu zuten greba mugagabea Imegarreko langileek, zuzendaritzak kaleratutako bi lankideren berronartzea exijitzeko.

"Fase honetan ez bada adostasunik lortzen, langileekin batera erabakiko dugu zelan artikulatu erantzuna eta mobilizazioak berriz ere hastea"

Ordutik hona gobehera ugari izan ditu borrokak. Lan ikuskaritza enpresara bertaratu zen eta behargin bat topatu zuen grebalari baten lanpostua betetzen, LABek salatu zuenez. Horrez gain, langileak "mehatxatu eta iraintzea" eta herritar bat "akusazio faltsupean salatzea" ere leporatu zioten enpresari, Laudioko Herriko plazan eginiko agerraldian.

Dena den, elkartasun keinu ugari ere jaso dituzte beharginek azken asteetan. Tubos Reunidoseko, Madres Mercedariaseko, JEZeko, Laudioko Udaleko edota Berriak BMko beharginen babesa jaso dute, besteak beste, eta baita pentsiodunena edota tokiko zenbait ekoizlerena ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide