Thaylor Lubanzadiok denboraldiaren balorazio positiboa egin du eta zein taldean jokatuko duen erabakiko du aurki

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 13a, 10:20

Thaylor Lubanzadio Gzira Unitedeko kamisetarekin.

Maltan jokatu du berriz laudioarrak eta, aurten titulurik eskuratu ez duen arren, pozik dago esperientziarekin, erasoko jokoa erakusteko aukera izan baitu, eta golak eta asistentziak heldu dira horrekin.

Thaylor Lubanzadiok kirol denboraldia amaitu berri du Maltan, Gzira United klubean, eta Laudiora itzuliko da orain. Oporraldian hautatu beharko du non jokatuko duen etorkizunean eta, antza, aukerak ez zaizkio faltako. Hala azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari: "Ligako bi klub onenen eskaintzak dauzkat, egun batzuk hartuko ditut lasai, etxean pixka bat gozatzeko eta gero erabakia hartzeko. Herrialdez aldatu eta liga eta herrialde berriak bizi nahi nituen, eta ikusiko dugu zein erabaki hartuko dudan".

Maltako puntako kluben interesa sortzeko partida onak egin ditu Lubanzadiok, Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez: "Nire aurreko klubean ez nuen nire postuan jokatu eta orain gustatzen zaidan tokian egitea gogoko izan dut. Hori zen nire helburua, berriro nire postuan jokatzea eta erasoko futbolean gozatzea".

Horri esker, denboraldi honetan sei gol egin ditu, eta beste lau banatu dizkie bere kideei. Pertsonalki jardun borobila izan duen arren, taldeak ez ditu modu kolektiboan ezarritako helburuak bete: "Europan sartu eta kopa irabaztea zen helburua eta ez dugu bete, finalerdietan kanporatu gintuzten".

Gogoratu beharra dago bukatu berri den denboraldia Lubanzadioren hirugarrena izan dela Maltako lehen mailako txapelketan, eta Hibernians klubean aritu dela aurretik, 2021-2022 liga irabaziz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide