Kultur sorkuntza Aiaraldean

Zabalik dago berriz Kulturlaben espazioa, Nerea Apodakak berariaz prestatutako erakusketa batekin

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 18a, 21:24

Atzo arratsaldean egin zuten inaugurazioa, eta ekainaren 30era arte egongo da erakusketa ikusgai. 

Zabalik dago berriz Kulturlaben lokala. Espazioa atontzen eman dituzte azken asteak Kulturzaleak Elkarteko kideek. Hainbat lan egin dituzte: jatorrizko harrizko hormen zati bat saneatu, erakusleihoetako barruko arotzeria kendu, egurrezko habeak atera, sabaiak eta hormen zati bat konpondu eta guztiz berritutako komun bat jarri. 

Obren bigarren fasea egitea ere aurreikusi dute, baina datorren urtearen hasieran. Ordura arte, bere jarduna berreskuratuko du espazioak, Laudioko zein Aiaraldeko sortzaileen lanen erakusketa gune moduan. "Aurtengo jardueren helburuetako bat tokiko artista plastikoen beharrak aztertzea izango da, espazio duin eta profesional bat sortzeko eta erakusteko", azaldu dute Kulturzaleak elkarteko kideek. Euren hitzetan, espazioak aukera emango du erakusketak "zainduak, ondo landuak eta behar bezala argiztatuak" egoteko, eta pertsona bat jarriko dute gunea zaintzen.

"Artista egonkortuei" eskainiko diete espazioa datozen hilabeteetan.

Aurreratu dutenez, "artista egonkortuei" eskainiko diete espazioa, "dagoeneko egoitza artistikoak egiten eta hainbat lekutan erakusketak jartzen ari direnei".

Nerea Apodakaren lana ikusgai

Hain zuzen, lokala irekitzeaz gain, Nerea Apodakaren erakusketa bat ere inauguratu zuten atzo. Lokalerako berariaz pentsatutako instalazioa atondu du artista laudioarrak. Ibilbide oparoa egin du sortzaileak azken urteetan. Gainera, honakoa ez da Kulturzaleak elkartearekin elkarlanean egiten duen lehen proiektua, Kulturlaben lehen edizioan ere parte hartu baitzuen, Lamuza parkean hainbat hilabetez jarrita egon zen itsas-edukiontzian. 

Erakusketa berria ekainaren 30era arte egongo da ikusgai, ondorengo ordutegian:

  • Ostegunetan: 12:00-14: 00/18:30-20:30
  • Ostiraletan: 18:30-20:30
  • Larunbatetan: 12:00-14: 00/18:30-20:30
  • Igandetan: 12:00-14:00

Dena den, maiatzaren 21 eta 23a izango dira erakusketa bisitatzeko egunik aproposenak, Apodaka bertan egongo baita bi egun horietan. Lehenengoan hitzaldia eskainiko du 18:30ean, bere sorkuntza prozesuari buruz. Bigarren egunean, aldiz, bisita gidatua eskainiko du instalazioan barrena. 

Apodaka ez da mugatu lokaleko erakusketa atontzera, bera arduratu baita Kulturlaben muralen dinamika berriz martxan jartzeaz. Gauzak hala, berak eginiko hormairudiak ikusgai daude dagoeneko Zumalakarregi etorbidean eta Zubiko malekoian. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide