Atzo jakinarazi zuen Laudioko Udalak 24 orduko zaintza zerbitzu berria abiatu nahi zuela Arantzarreko poligonoko kamioien aparkalekuan, eta ez zuela aurreikusten gaur egun bertan beharrean dauden langileak subrogatu ahal izatea. Albiste horri erantzun dio ELAk orain. Sindikatuak Udalari leporatu dio Estacionamientos y Servicios enpresako 6 langileak kaleratzeko asmoa izatea, eta iragarri du beharginek bi asteko greba abiatuko dutela datorren astean.
ELAko kideek gogorarazi dute aparkalekuko langileak lanuzteak eta mobilizazioak egin dituztela azken bi hilabeteetan, "euren egoera prekarioa salatzeko". Izan ere, sindikatuak nabarmendu duenez, beharginek gutxieneko soldata jasotzen dute, "estatuko hitzarmena aplikatzen baitzaie".
"Langileek soldata erabat prekarioak hobetzeko eskaera egin dutenean erabaki du Udalak langile horien lan segurtasuna ezbaian jartzea"
Sindikatuak bilera eskatu zion Udalari gaiaz hitz egiteko eta bertan jaso zuten ezuzteko albistea. Langileen ordezkariek "harriduraz" hartu dute berria, eta Udalaren jarrera deitoratu dute, uste dutelako erabaki hori "greba zigortzeko" hartu duela tokiko erakundeak: "langileek soldata erabat prekarioak hobetzeko eskaera egin dutenean erabaki du Udalak langile horien lan segurtasuna ezbaian jartzea".