Badaude Laudioko aurtengo behin betiko aurrekontuak. Berez, otsailean onartu zen aurrekontuen zati mardulena, baina zehazteke utzi zuten inbertsioen zatia, “partaidetza prozesu baten bidez” osatzeko.
Hori da astelehenen honetan onartu dutena, horretarako berariaz deitutako ezohiko udal osoko bilkuran. Modu horretan, ia 3 milioi euro gehiago gehitu dituzte urte hasieran onartutako plangintza ekonomikora.
Alde batetik, 1.140.165 euro bideratu dituzte urte hasieran “aurreikusi gabeko premia jakin batzuk” asetzera. Hainbat zerbitzu, diru-laguntza eta gastu sartu dituzte bertan. Horrez gain, 300.000 euroko partida prestatu dute asfaltatze lanak egiteko.
Baina inbertsioen atalarena da zatirik garrantzitsu eta deigarriena. 1.788.833,99 euro bideratu dituzte atal horretara, makina bat proiektu egikaritzeko. Egitasmo gehienak “aurrekontu kolaboratiboetatik” atera dira. Hau da, Laudioko bizilagunek proposatutako egitasmoak izan dira, auzo batzarretan zein auzo kontseiluetan atera eta landutakoak.
Hauek dira egitasmo guztiak, partidaz partida:
Horrez gain, Udaleko arloetako arduradunek ere egin dituzte inbertsio proposamenak, eta EAJk zein PSE-EEk eginiko zenbait ekarpen ere txertatu dira zerrendan:
Hainbat proiektu deigarri agertzen dira goiko zerrendan: Ugarteko futbol zelaia estaltzea, Arrañon Gaztelekua eraikitzea, Landaluzen gizarte etxea eraikitzea… Hala ere, kontuan hartu behar da partidetan sartzen dena proiektuen diseinua dela kasuetako askotan. Hau da, proiektuak benetan aurrera eramateko horretarako diru partidak ezarri beharko dira datozen urteetan, horiekin aurrera egitea ebazten bada.
Hala azaldu zuen Iñigo Martinez Cerrillo asteleheneko Udal Osoko Bilkuran. Zinegotziak aldarrikatu zuen “aurrekontu kolaboratiboek” aukera eman dietela bizilagunei udal politiken gaineko benetako erabakiak hartzeko, “paperontzi bat zehazki non jarri erabakitzera mugatu ordez”. Ildo horretan, aurtengoa “trantsizio urtea” izan dela uste du udal gobernuko kideak, eta nabarmendu du orain datorrela eginkizunik garrantzitsuena, “oso ondo dagoelako partidak onartzea, baina gero horrek ez du ezertarako balio proiektuak egikaritzen ez badira”.
Eztabaida talde politikoen artean
Aurrekontuen moldaketak eztabaida eraman zuen asteleheneko udalbatzara. PSE-EE alde lerratu zen bozketan, hainbat diru-partida adostu zituelako EH Bilduren udal gobernuarekin. Proiektuekin ahalik eta lasterren hastea eskatu zuen Loli Muriel zinegotzi sozialistak, “apur bat zaila” ikusten duelako zehaztutako guztia urtea amaitu baino lehen egin ahal izatea.
Omniako kideek, aldiz, bozketa nominala eskatu zuten. Modu horretan, zinegotzietako batek alde bozkatu zuen eta bestea abstenitu egin zen (hirugarren zinegotziak ez zuen plenora bertaratzerik izan). Alvaro Barriosek balioan jarri zuen eginiko lana eta abiatutako parte hartze prozesua, baina gaineratu zuen ez daudela hainbat gauzarekin ados, eta iradoki zuen hori izan dela Omnia udal gobernutik ateratzearen atzean egon den arrazoietako bat.
Plagintza ekonomikoaren aurka lerratu zen EAJ, udal altxortegiko dirua baliatzea kritikatuta
EAJ, aldiz, aurka lerratu zen. Alderdi jeltzaleak balioan jarri zituen bizilagunek eginiko proposamenak, baina hainbat gauza deitoratu zituen baita ere.
Jeltzaleak ez daude ados inbertsioak egiteko dirua udaleko altxortegitik hartzearekin, diru saku hori 4,4 milioi eurokoa izatetik 1,8 milioikoa izatera pasako delako, eta modu horretan ez delako geratzen diru nahikorik Udalak esku artean dituen beste proiektu batzuetarako (Antzokia, Abasto plazako obra…). Gauzak hala, Udala zorretan jartzea leporatu zioten Udal gobernuari.
Horrez gain, Ander Añibarro zinegotziak salatu zuen jeltzaleen hiru proposamen baino ez zituztela onartu aurrekontuetan: “Horietako bat jada alderdi sozialistarekin adostua zegoelako eta beste biak diru partida murriztuekin”.
Bukatzeko, aurrekontuen onarpena udal osoko bilkuratik igaro baino lehen Zuinen argitaratu izana ere kritikatu zuen oposizioko taldeak.
EH Bilduk, bere aldetik, aldarrikatu zuen egingo direnak inbertsioak direla, eta EAJk gastu moduan hartzea deitoratu zuen. “EAJk eginiko proposamen guztiak onartuko bagenitu, kasu horretan ere dirua xahutzen egongo ginateke?”, galdetu zuen Martinez Cerrilok.
Horri lotuta, zinegotziak defendatu zuen altxortegia ez dela “itsulapiko huts” bat, eta bertako dirua bizilagunen ongizatean inbertitzeko dagoela.