Epaitegiak hasi dira berresten Autoglas-Glavista enpresako langileek aspaldi salatzen dutena. Hau da, konpainiaren itxiera Guardian eta Parter Capitalen arteko azpijokoa izan zela.
Horrela, Gasteizko merkataritza arloko epaileek ebatzi dute enplegua erregulatzeko espedientea bidegabea dela. Izan ere, taldeko enpresek ez dute aurkeztu arrazoi ekonomikoak justifikatzeko dokumentazioa. Hamaika aldiz salatu dute langileek horren zioa zela konpainien arteko akordoiek azaleratu ahal zutela delitua egiten ari zirela.
Izan ere, eta ELA sindikatuak azaldu duenez, "epaileak ulertzen du Autoglas enpresa talde baten parte dela, eta enpresa horiek ere erantzule direla. EAEko Auzitegi Nagusiak argitu beharko du hori orain".
Gauzak horrela, epaileek nolabait aitortu dute Parter eta Guardian taldea osatzen zutela operazioan.
Sindikatuak pozik hartu du lehen auto judiziala eta hartzekodunen konkurtsoa kalifikatu gabe dago oraindik. ELAren demandari esker, Guardian taldea eta Parter taldea ere konkurtsoaren erruduntzat jo daitezke, euren aburuz.
Gogoratu beharra dago ELAk Guardiani leporatzen diola fikziozko salmenta egitea Parter Capitali. Halaber, azpimarratu behar da Parter Capitaleko bazkide nagusia, Rüdiger Terhost, Estatu frantsesean espetxeratu zutela maiatzan, iruzurra egiteagatik beste enpresa batekin.
Salmenta 2020an, itxiera denbora gutxian
Guardianek 2020an saldu zion Autoglas-Glavista lantegia Parter Capital inbertsio funtsari eta 2023ko irailean epaitegian zegoen ixteko espedientea. Langileek behin baino gehiagotan salatu dute Parter Capital "funts-putre" bat dela, eta hartzekodunen lehiaketara eraman duela Laudioko haizetakoen fabrika, eta 240 langileren enplegua arriskuan jarri duela ondorioz.
Beharginen ustez, Guardian da "errudun nagusia" afera honetan guztian. Izan ere, hainbat kontu daude argitzeke multinazionalak eginiko jokalditik. Besteak beste, zehazteke dago zenbat diruren truke eta zer baldintzatan saldu zion enpresa Parter Capitali.
Berez, ELA sindikatuak duen susmoa da Guardianek dirua eman ziola Parter Capitali Autoglas-Glavistarekin geratzeagatik eta desgiteagatik, negozioaren lerro hori ez baitzuen nahi eta kaleratzeak merketzeko modua zen bide hori. Hala azaldu zuen sindikatuko abokatuak Aiaraldea Komunikabidean izandako elkarrizketan:
Guardianek lantegiaren edozein etorkizun blokeatu du
Prozesu luzearen erdian, Javier Garcia Marquez inbertsore getxoztarrak prestutasuna adierazi zuen Autoglas-Glavista erosi eta kudeatzeko, baina Guardian multinazionalak berak blokeatu zuen irtenbidea, uko egin baitzion lursailak saltzeari. Erabakia, antza, Estatu Batuetan hartu zen eta Garcia Marquezek, azkenean, bertan behera utzi zuen bere eskaintza.