Javi Gil zuzendariak eta gidoigileak eta bere taldeak sari berria eskuratu dute Belchiteko zinema lehiaketan. Honekin hirugarrena izan da eta aurten Quimera film laburrarekin lortu du.
Pelikulak kontatzen du Notre Dameko bi kimeren istorioa. Katedraleko sutearen ondorioz, Belchiteko eliza batera joatera behartzen dituzte, enplegua erregulatzeko espediente baten bidez.
Ohi bezala, erronkan parte hartu duten taldeek 24 ordutan sortu behar izan dute pelikula eta aurten, gainera, bi elementu txertatu behar izan dituzte ezustean: bizarro kontzeptua eta Surrealismoaren Manifestua.
Zinemagile laudioarra oso pozik agertu da emaitzarekin (600 euro irabazi ditu taldeak). Antolatzaileek azpimarratu dute aurtengoa izan dela orain arteko ediziorik profesionalena.
Zehazki, 20 taldek eman dute izena, 160 lagunek guztira. Espainiako Estatuko txoko ugariko jendeak parte hartu du topaketan.
Aipatu dutenez, epaimahaiak luze eztabaidatu behar izan zuen sarien banaketa erabakitzeko eta inoiz baino saridun gehiago egon dira, kalitatea oso handia izan baita.
Hirugarren saria Belchiten
Honakoa ez da izan Javi Gil eta bere kideen lehen bizipena Belchiten. Izan ere, 2018ko eta 2019ko edizioetan ere saridunak izan ziren.