San Roke egoitza zaharraren eraberritzea berriz atzeratzea erabaki du Laudioko Udalak. Tokiko erakundeak argudiatu du ia milioi bat eurotan handitu dela proiektuaren kostua. 2.571.250 eurokoa zen aurrekontua hasieran, baina 3.495.181 eurora igo da azkenean, "Europako laguntzetan ezarritako baldintzetara egokitu ahal izateko". Urte hasieran kontratatu zuen Udalak proiektua baldintza berri horietara egokitzeko zerbitzua, 100.000 euroko inbertsioa eginda.
Izan ere, Udalak 1.134.088,79 euro jaso zituen Europako Next Generation funtsetatik egoitza birgaitu ahal izateko. Laguntza horrek, aipatutako baldintzak ezartzeaz gain, obra 2026ko martxoaren 31rako amaituta egotea eskatzen zuen. Egitasmoa atzeratzea erabaki duenez, diru hori itzuli du Udalak.
Hala ere, hartutako erabakia defendatu du tokiko erakundeak. Prentsara zabaldutako oharrean azaltzen denez, udal-teknikarien artean zalantza sortu du inbertsioaren bideragarritasunak, "arriskuan jar ditzakeelako gaur egun herrian egiten ari diren gainerako inbertsioen garapena". Udalaren arabera, Europako funtsetatik etorritako dirua aurrekontuaren ia %50a finantzatzen zuen hasieran baina, azken igoera hau dela medio, %32a izatera pasa da.
Teknikarien txostenak argudiatzen du oraindik ez dagoela definituta eraikina zertarako baliatuko litzatekeen zehazki, eta horrek pentsatzera dakarrela azpiegituraren beharra ez dela “premiazkoa”
Horrez gain, Udalak gaineratu du obraren gastuaren kalkulu berriak ez duela barne hartzen "instalazio berria funtzionamenduan jartzeko egin beharreko inbertsioa". Horrez gain, teknikarien txostenak argudiatzen du oraindik ez dagoela definituta eraikina zertarako baliatuko litzatekeen zehazki, eta horrek pentsatzera dakarrela azpiegituraren beharra ez dela “premiazkoa”.
Txosten horren arabera, arkitektoek garatutako proiektuan islatzen da erabileren definizio gabezia hori: espazio guztiak daude pentsatuta erabilera anitzetarako, “etorkizunean erabilera zehatzagoetarako zatikatzeko aukerekin”.
Horregatik guztiagatik erabaki du tokiko erakundeak proiektua atzeratu eta dirulaguntza itzultzea. Hala ere, Ainize Gastak nabarmendu du proiektuari eutsiko diotela, “bideragarria denean” egiteko. “Horretarako, erakundeekin harremanetan jarraituko dugu, beharrezko finantzaketa lortzeko", adierazi du alkateak.
2018an ere eraikina birgaitzeko Arabako Foru Aldundiaren 300.000 euroko dirulaguntzari uko egin zion Udalak
22 urte hutsik
1887. urtean inauguratu zen nagusien egoitza, Urquijo Markesek sustatuta. 2002ra arte egon zen funtzionamenduan, orduan ireki baitzen egungo egoitza, suhiltzaileen parkearen aurrean kokatuta dagoena. Ordutik darama kolore arroxako eraikinak hutsik, inolako erabilerarik gabe.
Aurreko hamarkadan eman ziren azpiegitura birgaitzeko lehen urratsak. 2018an idatzi zen egoitza zaharra birgaitzeko egungo proiektua, 2.237.105 euroko inbertsio aurreikuspenarekin. “Eraikinaren irisgarritasuna, bizigarritasuna, ingurumen-erosotasuna eta moldakortasuna” hobetzea aurreikusten zuen egitasmoak, “energia-eraginkortasunaz eta jasangarritasuna” ahalbidetzeaz gain.
Murala arkitektura enpresak sortu zuen proiektua, eta horrelako itxura eman zion etorkizuneko espazioari:
Arabako Foru Aldundiak 300.000 euro dirulaguntza eman zuen 2018an proiektua aurrera eramateko, baina orduan ere udal gobernuak uko egin zion laguntzari, “oposizioak bestelako lehentasunak markatu” zituela argudiatuta. Oposizioko taldeek, euren aldetik, erabaki hori kritikatu zuten.