Jatorria izeneko erakusketa atondu du Goizane Rodriguezek Kulturlaben lokalean. Egun Sopelan bizi da sortzaile laudioarra, baina Laudioko Institutuan egin zuen Batxilergo artistikoa, eta Artearen Historiako gradua egin zuen ondoren EHUn.
Ordutik hona kulturari lotutako hainbat lanetan aritu da Rodriguez. Ermualdeko indusketetan parte hartu zuen, besteak beste. 2022an ekin zion bere sorkuntza propioa sakonki lantzeari, eta ordutik hona ondutako emaitzaren lagin bat jarri du ikusgai Kulturlaben espazioan. Iragan ostegunean inauguratu zuten erakusketa, eta bisita gidatua eskainiko du hilaren 18an, arratsaldeko zazpietan.
Behin erakusketa amaituta, proiektu berri batean sartuko da sortzailea buru-belarri, Kultur Faktoriaren eskutik lortutako sormen bekaren bidez.