Pontevedran (Galizia) lehiatu da asteburuan Europako Ziklokros Txapelketa eta Iñaki Carro laudioarrak emaitza bikainak erdietsi ditu. Izan ere, Master 35-39 kategoriako txapelduna izan da Aiaraldeko kirolaria.
Carrok bazekien iaztik, Espainiako txapelduna izan zenean, Galizian izango zela Europako Txapelketa, eta hasieran ez zuen helburu handirik buruan. Baina data hauek berarentzat egokiak dira lehiatzeko: "Euskadiko eta Espainiako Txapelketak dira nire xedeak. Hortaz, tarte honetan sasoi onean nago".
Urduritasuna
Txapelarekin itzuli bada ere, ibilbidea ez da erraza izan Carrorentzat. "Estres handiko egunak izan ditut: lanak, izen-ematea, irteerako postuak eta bakarrik joateko beharra", aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Ordea, behin Pontevedrara iritsita, kirolaria lasaitu zen eta lasterketan zer egin behar zuen argi zuen: "Zirkuitu gogorra da. Akatsak egin gabe eta ondo kokatuta joan naiz, ezer oparitu gabe".
Poztasuna
Palmeresean mugarri berri hau jarrira, Iñaki Carrok gauza bakarra du buruan: kirolaz eta adiskidetasunaz gozatzea eta, bereziki, bere neskalagunarekin bidaiatzen jarraitzea.