Gaur 13:00ean aukeztu dute Laudion Emakume* Abertzaleon X. Topaketa eskualdeko kideen artean. Berez, jardunaldia azaroaren 16an izango da Laudion eta lau gune hartuko dituzte: kiroldegia goizean eztabaidetarako, institutua eguerdian bazkaltzeko, plaza arratsaldeko ekitaldian eta Faktoria gauean aisialdirako.
Antolatzaileek aipatu dute 500 lagun ingururen parte hartzea aurreikusi dutela eta, ondorioz, azpiegitura lan mardula egongo dela behar guztiak asetzeko: aulkiak eta mahaiak mugitzea, txandak egitea... Hori dela eta, auzolanean aritzeko deia zabaldu dute azaroaren 15ean eta 16an bertan.
Halaber, antolakuntzak animatu ditu interesdunak ahalik eta lasterren izena ematera, azaroaren 6an amaituko baita horretarako aukera. Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatzen ditu topaketa hauek bi urtean behin eta egitarau osoaren berri eman dute jadanik.