Laudioko Udalak Abastos Plazako obren %60a egin du, eta Next Generation funtsaren diru-laguntza mantenduko du

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abe. 11a, 13:55

Abastos plaza eraberrituta izango lukeen itxura. / Laudioko Udala

Europako Next Generation funtsen diru-laguntzen bidez sei ekimen garatuko ditu Udalak.

Laudioko Udalak herriko negozioei eta tokiko ekonomiari laguntzeko ibilbide-orria zehaztu du, Europako Next Generation funtsen bidez. Abastos plazako obren %60 amaituta dago eta, hortaz, 1,6 milioi euroko diru-laguntza mantendu du.

Gogoratu behar da abenduaren 31ra arte luzatu zela obraren %60a egiteko epea, diru-laguntza mantendu ahal izateko. Laudioko Udalak jakinarazi du ulertzen duela proiektu honen lehentasuna eta, beraz, aurrera eramango duela.

Plazako obrek gorabehera ugari sortu dituzte. Izan ere, egungo gobernu taldeak hasieran iragarri zuen funts propioekin eta parte hartzerako prozesu baten bidez egingo zuela obra, diru-laguntzan zehaztutako epeak beteko ezin zirela aurreikusita. Horrek EAJren kritikak eragin zituen. Azkenean, ordea, dirulaguntza mantentzeko modua topatu zuten erakundeek eta proiektua aldatuta ekin zion egungo udal gobernuak obrak hasteari.

Abastos Plazako merkatuan diharduten hiru negozioek ekainean utzi zuten beren jarduera plazan, Zubiko Kurajo kaleko 2. zenbakira lekualdatzen hasteko, non zerbitzua ematen ari diren obrak amaitu bitartean. Negozioek  ekainaren 17an hastea aurreikusten bazuten ere, ateak ez zituzten ireki uztailera arte, espazioa egokitzeko lanak, argi-kontagailuen instalazioa batez ere, luzatu zirelako. 

Beste bost proiektu

Europako Next Generation funtsen bidez beste bost proiektu garatzea aurreikusi du Udalak: 

  1. Herriguneko merkataritza sustatzea Ezka kalearen bitartez. Herriko espazio hori abuztutik itxura aldatu eta oinezkoentzako gune berri bat bihurtu da, udalerriko merkatarien eta ostalaritza-negozioen eskaerari erantzunez.
  2. Udaletxearen sarreraren ondoan armairu adimenduak jarriko dira, merkataritza-sarearen lana errazteko eta bizilagunen erosketak arintzeko. Horrela, erosketak egin edo enkargatu ahal izango dira eta ondoren puntu horretan jaso.
  3. Laudioko negozioek gidatutako proiektu zehatzak ezagutzera emateko, pantaila bat jarriko da Zumalakarregi etorbidean (udaletxearen horman). Herriko merkatarien ekintzez aparte, pantaila herritarrei udal-informazioa emateko, bai eta tokiko elkarteen jardueren berri emateko ere erabiliko da.
  4. Plastikoen erabileraren murrizteari dagokionez, tokiko merkataritzaren eta erabilera bakarreko ontzien murrizketaren arteko harremanari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bultzatuko du Udalak. Horretarako, ur botilak, kristalezko tupperrak, poltsak... banatuko ditu.
  5. Herriko plazan eta Aldai plazan konektibitatea eta tarte elektrikoak hobetuko dira, Wifi gune batekin eta entxufe gehiagorekin.

"Sei proiektu horiekin gure udalerriko negozioak askoz lehiakorragoak izango dira eta erabiltzaileen esperientzia hobetuko dute", adierazi du Iñigo Martinez zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide