Abasto plazaren berritzea lehiaketara atera du Laudioko Udalak, 2,6 milioi euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Proiektua iaz aurkeztu zuen aurreko Udal Gobernuak, baina egitasmoa berrezaugarritu dute, merkatari zein bizilagunekin hainbat bilera egin ostean.
Obra 18 hilabeteko epean egon beharko da amaituta, baina plazako saltokiak bertan egoten jarraituko dute lanek irauten duten denboran. Horretarako, bi fase aurreikusi ditu Udalak. Lehen fasean postuak plazako arkupeen beste aldera mugituko lirateke, euren kokaleku berria eraikitzen den bitartean. Bigarren fasean, aldiz, azpiegitura berrira mugituko lirateke, eta orduan ekingo litzaioke plazaren bigarren zatia eraitsi eta berritzeari.
Bost saltoki izango ditu espazio berriak, eta merkatuaren fatxada kristalaz estalita egongo da. Hala ere, estalki hori kentzeko aukera egongo da, udan garaian postuak kalera atera ahal izateko.
Kafetegi-jatetxe bat atontzea ere aurreikusten du proiektuak, eta azpiegiturak eguzki-plaken bidez hornituko dira.
Horrez gain, kafetegi-jatetxe bat atontzea ere aurreikusten du proiektuak, terraza, sukalde, biltegi zein komun propioekin. Aldagela eta garbiketarako tresnen gela komunak ere izango ditu plazak.
Gainera, ostegun eta larunbatetan Aldai plazan dauden baserritarrentzako espazioa ere egongo da, tamainaz aldatu ahalko den estalki batekin.
Azpiegiturak elektrizitatez hornitzeko, eguzki plakak jartzea aurreikusten du proiektu arkitektonikoak, plazara itsatsita dagoen eraikineko sabaian, jabetza publikokoa baita.
Europako funtsekin finantziatuta?
Azken hilabeteetan eztabaida politikoa egon da Udalean obra honen finantzazioari dagokionez, Udal Gobernuak jakinarazi zuelako lanak egiteko lortutako Next Generation funtsak itzuli beharko zituela, diru-laguntza horren epeak betetzea ezinezkoa zela iritzita. Oposizioko taldeek gogor kritikatu zuten erabaki hori.
Hala ere, gaur-gaurkoz, ofizialki behintzat, obra horien %56,25 (1.488.963,20 euro) Europako diru horrekin ordainduko dela adierazten dute lehiaketako pleguek. Izan ere, tokiko erakundeak ez dio laguntza horri ofizialki uko egin momentuz. Ikusteke dago, beraz, beranduago itzuli beharko duen edo ez.
Urtarrilaren 29an amaitzen da lehiaketara aurkezteko epea, eta otsailaren 2rako ebatziko dute kontratua nori esleitu. Lehiaketa irabazten duen enpresak 18 hilabete izango ditu lanak amaitzeko. Gauzak hala, aurreikuspenak betetzen badira, Abasto plaza berria datorren urteko udazkenerako egongo litzateke amaituta.
Hori azken uneko atzerapenik ez badago betiere. Kontuan hartu behar da azken urteetan eginiko hainbat lehiaketa publikoetara ez dela inor aurkeztu, obren kostua asko igo delako. Laudioko Antzokia da horren adibide. Kasu horretan, Udalak eskaintza ekonomikoa handitu behar izan zuen, lehen lehiaketa esleitu gabe utzi ostean.