Estasi kilo bat, 800 gramo haxix eta 10.000 euro topatu zizkion Ertzaintzak ostiralean atxilotutako gizonezkoari

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 16a

Akusatuari topatutakoa./ Ertzaintza

Ertzaintzak jakinarazi du 34 urteko gizonezkoak aurrekariak dituela drogak saltzeagatik.

Aiaraldea Komunikabideak aurreratutako informazioa luze landu du Ertzaintzak gaur zabaldutako prentsa oharrean. Izan ere, ostiralean 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen poliziak Zumalakarregi etorbidean. Hasiera batean ertzainek azaldu zuten agente bat erasotzeagatik arrastatu zutela eta gero erantsi zuten drogak zituela.

Gaur azaldutakoagatik, epaileari bere lonja miatzeko baimena lortu eta gero, 560 gramo marihuana, 800 bat gramo haxix, 90 estasi pilula eta substantzia beraren beste kilo bat inguru izozkailuan topatu zituzten akusatuaren lonjan. Horrez gain, ia 10.000 euro eta nahasteko substantzia ere aurkitu zituzten.

Atxiloketa

Ostiralean eguerdian, dirudienez, ertzainek susmagarritzat jo zuten herritarra eta identifikatu eta gorputz-miaketa egin ondoren, bere gauzen artean estasi eta speed pilula batzuk aurkitu zizkioten, baita zalantzazko jatorria zuten 280 euro ere.

Gauzak horrela, agenteek baimena eskatu zioten bere lonjan sartzeko, eta, poliziaren arabera, gizonak bere kabuz aitortu zuen lokalean substantzia gehiago zituela. Segurtasun Sailak adierazi duenez, jarraian, ihes egiten saiatu zen eta lonjaren sarrailako giltzak lurrera bota zituen. Atzeman zutenean, agenteei eraso egin zien, eta agintaritzaren aurkako delituagatik atxilotu zuten.

Akusazio horri gehitu behar zaio drogen salmentari lotutakoa -osasun publikoaren kontrako delitua-. Ertzaintzak erantsi du ikertuak aurrekariak dituela jadanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide