Aiaraldeko ehun industrialari beste kolpe larri bat eman dio Guardian enpresaren itxieraren iragarpenak eta, albisteak, gainera, harridura sortu du herritarren artean. Ordea, langileentzat zein behargin ohientzat ez da guztiz ezustekoa izan.
Izan ere, 2011n float labean obrak egin zituztenetik, langile askok sumatzen zuten hurrengo konponketa gauzatzea izango zela hil ala biziko erronka eta aurrekariak ez ziren bat ere baikorrak.
Alde batetik, 2012an egondako greba dago, zeinean zuzendaritzak 120 behargin kaleratzeko asmoa adierazi zuen. Bestetik, Glavistaren (hau da, autoen ekoizpen lerroaren) salmenta eta porrota ere dago (iruzur susmoz betetakoa), eta baita bi gertakari horien artean gertatu den enplegu suntsipena ere. Hain zuzen, XXI. mendea hasi zenean, Guardianek 850 langile zituen; gaur, aldiz, 171 baino ez.
XXI. mendea hasi zenean, Guardianek 850 langile zituen; gaur, aldiz, 171 baino ez.
Inbertsiorik ez
Koch Industriesek, Guardian taldearen egungo jabeak, uko egin dio float labea konpontzeari eta horrek ekarriko du itxiera. Langile batzuek uste zuten labeak eta, ondorioz, enpresak, 2028ra arte iraungo zuela, baina ez da horrela izan. Enpresak argudiatu du eskariak ez direla asko eta horrela ekidin du labearen konponketak behar zuen inbertsioa egikaritzea.
Esan bezala, erabakia ez da, barrukoentzat behintzat, guztiz sorpresa izan, are gutxiago Glavistako langileentzat, zeintzuek argiago ikusten zuten amaiera hau heldu zitekeela.
Bilakaera dramatikoa
Guardianen itxierak industriaren bilakaera kritikoa erakusten du eskualdean. Berez, Vidrierias de Llodio (Villosa) izan zuen aintzidari. Delclaux familiak sortu zuen enpresa hori 1935an, eta Vidrala 1960ko hamarkadan.
Urte luzez Villosa Laudioko bizitza ekonomikoaren motor garrantzitsuenetakoa izan zen eta kapitalismo paternalistaren ikurra ere. Herriko futbol taldearen urrezko aroa babestu zuen, umeentzat zinema jaialdiak eta marrazkien lehiaketak antolatzen zituen Gabonetan eta beharginentzako etxebizitzak ere eraiki zituen.
1985an, baina, Guardian Industries enpresa talde estatubatuarraren parte izatera pasa zen eta bere erroak galtzeari ekin zion, herriko parte hartzea nabarmen murriztuta. 2016an, aldiz, Koch Industries taldeak bereganatu zuen Guardian eta garai ilunenak ekarri ditu horrek. Alegia, zuzendaritza berriak saldu zuen Glavista eta azken kolpea eman dio lantegiari itxiera iragarrita.
Garai zaharrak, garai berriak
Villosaren bilakaera bada kapitalismoaren historia txiki bat, Laudioko eta Aiaraldeko neurrian. Tokiko lantegi paternalistetatik, multinazionaletara.
Ironia, kasualitatea edota arrazoia, Guardianen itxieraren albistea atzo heldu zitzaien langile ordezkariei, hau da, Donald Trumpek bere bigarren legealdia hasi zuenean. Jakinda Koch Industriesek errepublikarrak finantzatzen dituela eta Donald Trumpek iragarri dituen politikak, baliteke Laudioko erabakiak irudikatzea Estatu Batuek eta munduak hartuko duten norabide berria, Errusiara hurbiltzeko eta ardatz Atlantikoa (hau da, Europa) alboratzeko.