"Eskaladan asko saltzen da dagoen 'rollo' ona, baina gizartean biolentziak baldin badaude hemen ere egongo dira"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko urtarrilaren 24a

Eskaladari buruzko hiru liburu idatzi ditu Maria Francisca Mas Rierak. / Aiaraldea.eus

MARIA FRANCISCA MAS RIERA (Palma, Mallorca, 1993) Laudion bizi da gaur egun. 2021ean argitaratu zuen Escalantes liburua, eskalada ikuspegi feministatik jorratzeko. Handik bi urtera plazaratu zuen Ingrávidas testu bilduma, hainbat kideren arteko elkarlanari esker; eta labetik atera du bere hirugarren lana, Maternidades escalantes izenekoa. Horrez gain, Deporte desde los márgenes jardunaldien hirugarren edizioa antolatzen aritu zen igandean Orbeko Etxean.

Escalantes izan zen argitaratu zenuen lehen liburua, 2021. urtean. Unibertsitaterako lan batetik sortu zen proiektua, ez?

Hori da. Lau eskalatzaile elkarrizketatu nituen ikasketa feministak eta generokoak masterreko tesinarako. Pena handia ematen zidan material horrekin ezer gehiago ez egitea, niretzat oso baliotsua zelako. Gauzak hala, lau elkarrizketa egitetik 20 egitera pasa nintzen, eta hortik atera zen liburua. Azken bertsio horrek ez du zerikusirik unibertsitateko lanarekin, baina oso proiektu polita izan zen, oso harrera ona izan zuelako, ez soilik saldu zen ale kopuruari dagokionez, baita jendearen erantzunaren aldetik ere. Gauza oso bereziak esan zikidaten, hala nola oso ederra zela behingoz horrelako begirada bat plazaratzea eskaladaren inguruan. 

Zer dute komunean libururako elkarrizketatutako hogei pertsonek? Zer ondorio edo hausnarketa partekatzen dituzte?

Liburua entsegu baten modukoa da, nire pentsamendu eta bizipenak jasotzen dituena, eskalatzen duen pertsona bat naizen heinean. Hausnarketa horiek hogei emakume eskalatzaileren elkarrizketekin elkar-lotzen dira.

Hori da guztiek partekatzen dutena: denak identifikatzen direla emakume moduan eta denek eskalatzen dutela. Baina ez da aintzat hartzen duten maila, praktika horretara bideratzen duten denbora... nire ideia zen emakume eskalatzaileek hitz egitea, batez ere, mahai gainean jartzeko zer gauza bizitzen dituzten genero-alborapena dela eta: diskriminazioak, biolentziak... edo, besterik gabe, egoera ezberdinak plazaratzea, euren esperientzia balioan jarriz, eliteko kirolariak, ezagunak edo lorpen handiak egiten dituzten pertsonak izateko beharrik gabe.

Ohiko jendea elkarrizketatzea zen asmoa, baina genero perspektiba aplikatuta begirada feminista batetik. Emakume horien ekarpenek eraikitzen dute liburua, ez da hogei elkarrizketen segida bat, esanguratsuena iruditu zitzaidana atera nuen solasaldi bakoitzetik. 

Emakume ezberdinak dira, baina badituzte gauza ugari komunean. 

Bai. Generoa da puntu komunetako bat. Hogei urteko aldea dago elkarrizketatu gazteenik nagusienera. Nik nabarmenduko nuke guztiek bizi izan dutela generoarekin erlazionatutako diskriminazio motaren bat eskaladan, maila handi edo txikiagoan eta modu argi edo lausoagoan identifikatuta ere.

Horietako askok garrantzi berezia ematen diote mendian, naturan, eskalatzeari. Zenbait hitzaldi eta aurkezpenetan eztabaidatu dugu badagoela joera bat mendira joatea erromantizatzeko.

Elkarrizketatu guztiek dute eskalada euren bizitzetan oso barneratuta, eta ez horrenbeste kirol moduan, plazer eta mundua ikusteko modu bezala baizik. Gutxienekoak dira eskalada kirol huts moduan ulertzen dutenak, eta hori kontuan hartuta elkarrizketatuen artean badagoela txapelketara aurkeztu edo profil profesionala izan duenik ere. 

"Eskalatzen duten bikote heterosexualen kasuetan, adibidez, emakumea ikusezinago bilakatzen da, zailtasun maila berean egon arren. Nola ez, lehiaketetan kategoria binario bat dago eta sariak ezberdinak dira gizon eta emakumeen kasuetan"

Eskaladan ematen diren diskriminazioak egungo gizartearen isla dira, edo badaude kirol praktika horretan bereziki erreproduzitzen diren joera batzuk?

Zaila da marra bat zehaztea, nik eginikoa ez delako ikerketa akademiko bat, lagin esanguratsu batekin osatutakoa. Nik ausaz hartu dut jendea, hainbat arrazoi medio. Baina badaude gauza batzuk nik biolentzia matxisten barruan sartuko nituzkeenak.

Eskalatzen duten bikote heterosexualen kasuetan, adibidez, emakumea ikusezinago bilakatzen da, zailtasun maila berean egon arren.

Nola ez, lehiaketetan kategoria binario bat dago eta sariak ezberdinak dira gizon eta emakumeen kasuetan. Nik ez dut inoiz ulertuko hori: termino binarioetan hitz eginda, gizon eta emakumeak zailtasun bera eskalatzera iritsi badira, ez dut ulertzen zergatik irakurri behar den modu ezberdin batean kasu bakoitzean. Kirol honetan dena ez da indarra, pisua ez altuera. Gorputzen aniztasuna hor dago, beraz.

Txapelketatik harago, ohikoa da eskalada gunera joaterako orduan komentarioak jasotzea ezagutzen ez dituzun gizonen partetik, zure gorputzari edota gaitasunei buruz; zuk ezin okupatzea espazioa inbadituta sentitu gabe... rokodromoa bezalako espazio itxien kasuan, eskatu gabeko aholkuez hitz egin ahalko genuke, edo unero alerta egon beharraz. 

Baina eskaladak baditu baita eraldatzaileak izan daitezkeen zenbait ezaugarri ere, ezta?

Nik ez dut ahalduntze terminoarekin asko bat egiten, baina Escalantes liburuan elkarrizketatutako emakumeek nabarmentzen zuten eskaladak balio ziela euren gorputzarekin ausartago, indartsuago eta ahaldunduago sentitzeko.

Eskaladak zure egunerokotik at kokatzen zaitu: pareta batean zaude, eskegita, lurretik metro batzuetara, bideratu beharreko zailtasun eta estres maila batekin... horregatik, horren ostean, eurak kapazago ikusten zuten euren burua beste estres egoera batzuei aurre egiteko.

Arnasa eta zure burua kontrolatzea, beldurrari aurre egitea... askotan sentitzen dugu beldurra, eta baita eskalatzerako orduan ere. Edozein kirolek izan ditzazke onurak, baina eskaladaren kasu zehatzean posiblea da etxera irakaspenak eramatea, sekulako errendimendu edo emaitzarik bilatu gabe.

Emakumeetako askok ihesbide bat bezala ere bizi dute, egunerokotasunetik, hiritik edo herritik atera eta naturara eramaten zaituena. 

"Rokodromoa bezalako espazio itxien kasuan, eskatu gabeko aholkuez hitz egin ahalko genuke, edo uneoro alerta egon beharraz"

Komunitatea eraikitzeko ere balio du eskaladak?

Baita ere. Elkarrizketatutako emakumeetako askok hitz egin zuten geroz eta afinitate handiagoko jendearekin eskalatzearen inguruan.

Badaude euren bikotearekin edo gizonezkoekin eskalatzen hasitakoak, esperientzia guztiz atsegina izatera iritsi ez direnak, eta beste horren bila jotzen dutenak.

Gero bakoitzak ebazten du norekin dagoen eroso, baina soka berean doazen pertsonen arteko harremana eta elkar-zaintza bada nabarmentzeko zerbait, beste kirol praktika batzuetan topatzen ez dena.

Badirudi eskalada oso indibiduala dela, zu bakarrik zaudelako arrokan, baina errealitatea ez da hala: ez da ohikoa bakarka eskalatzea. Horregatik, asko lantzen da zure segurtasuna bermatzen ari den pertsonarekin duzun konexioa. 

"Soka berean doazen pertsonen arteko harremana eta elkar-zaintza bada nabarmentzeko zerbait, beste kirol praktika batzuetan topatzen ez dena"

Nik beti diot gauza bera: edozein kirol da gizartearen isla. Gauzak hala, gure gizartean komunikazio txarra edota biolentziak baldin badaude kirolean ere egongo dira. Eskaladan asko saltzen da dagoen "rollo ona", baina hemen inor ez dago bekatuetatik libre, ez bere etxean ezta landa-eremuan ere. 

Eskaladaren barruko komunitatearen eraikuntzari bete-betean erantzuten dio zure bigarren liburuak, Ingravidas (DDT, 2023) izenekoak. 

Erabat. Hainbat aurkezpen eta ekitaldi ez-misto egin genituen zeinetan  pertsona pilo ezagutu nituen, euren esperientziak partekatu zizkidatenak. Hainbat idazki agertzen joan ziren, eta baita eskaladaren inguruan hitz egiten jarraitzeko gogoak, baina beste toki batzuetatik.

Hedabide mainstream-etatik saltzen zaizkigunak errelato mega-epikoak dira, tontorren igoeran edo eskalatzaile batzuen lorpenetan zentratzen direnak, modu kuantitatiboan neurtuta.

Horregatik, bazegoen beste toki batzuetatik hitz egiteko beharra eta gogoa. Ingrávidas da bidean topatzen dudan jende eder guzti horren emaitza, narratiba ezberdin bat sortzeko gogoetatik sortutakoa.

Eskaladatik hitz egitea baina beste gauza batzuk barne hartuta: disca (desgaitasunak dituzten pertsonek euren burua izendatzeko baliatutako gaztelerazk termino politikoa), buru-osasuna, generoaren auzia, binarismoarekin haustea… hainbat gai jorratzen dira, eta ez soilik ikerketaren esparrutik.

"Eskaladak zure egunerokotik at kokatzen zaitu: pareta batean zaude, eskegita, lurretik metro batzuetara, bideratu beharreko zailtasun eta estres maila batekin... horregatik, horren ostean, eurak kapazago ikusten zuten euren burua beste estres egoera batzuei aurre egiteko"

Bazegoen baita ere behar bat kirol esparruko artikulu zientifikoetatik ateratzeko. Horregatik, Ingrávidas liburuan badago baita poesia, testu oso pertsonalak (nik neuk toki batean oso ondo kokatzen jakingo ez nukeenak, oso autobiografikoak direlako), ilustrazioak, argazkiak…

Nik beti diot Ingrávidas lana Escalantes liburuaren ondorioa dela. Escalantes-en muina generoaren auzia zen, emakume izatea. Ingravidas-en, aldiz, gorputza da ardatza: nola habitatzen dugun eta zer gertatzen den gure gorputzekin eskalada praktikatzerakoan, eta ez soilik zure gorputza nola irakurria den ikusita.

Zure goputza zure etxetxoa da, zaindu beharrekoa, eta indartsu ez dagoenean edo apurtzen denean… liburuko errelatoetako bat abortu bat kontatzen du, nola eragiten duen horrek eskalada utzi behar duzunean.

Gauza horietaz guztietaz hitz egiten du liburuak, oso ikuspuntu pertsonaletik. Oso lan bizia da, Escalantes entsegu bat den bitartean. Bada liburu bat bi orri irakurtzeko, ixteko eta beranduago berriz heltzeko, gorputz askoko lana delako, eta ekarpena egin duten pertsona askoren isla.

Oso prozesu azkarra izan zen Ingravidas liburuarena, Escalantes liburutik bi urtera atera zen arren, jendea asko inplikatu zelako, gogo handiak zeuden. Bazeuden pertsona batzuk gauza batzuk jada idatzita zituztenak eta helarazi zizkidatenak… horregatik pentsatu nuen denak batzea narratiba ezberdin batzuk txertatu ahal izateko kirol gisa ulertzen dugun honen historian. 

Liburuak sortzen du komunitatea edo komunitateak sortzen du liburua?

Ez dakit esaten, erdibana dela esango nuke. 

Argitaratu duzun azken liburuan (Maternidades escalantes, DDT 2025), aldiz, ikuspegi akademikoago batera itzuli zara, amatasuna eta eskaladaren arteko harremana jorratzeko. 

Ingrávidas liburua eratzen ari zen garai berean nik banuen buruan bueltaka amatasunen gaia. Escalantes libururako elkarrizketen zirriborroa sortzen nengoenean ez nuen esparru hori jorratu, ez zelako niri eragiten zidan afera bat. Baina gaia ateratzen joan zen elkarrizketatuetako batzuen artean, batzuk jada ama zirelako, beste batzuk horretan pentsatzen ari zirelako eta beste batzuk laster izango zirelako. Nik ezin nuen beste alde batera begiratu, eta atal bat dedikatu nion liburuan. 

Gai hori ikertzen jarraitzeko gogoak sartu zitzaizkidan. Pertsona zehatz batek jartzen du gorputza haurdunaldian eta edoskitzaroan zehar. Emakumeek uko egiteaz hitz egin zuten, aldaketa fisikoez… eta bide hori jarraitzeko gogoak sartu zitzaizkidan.

"Sare sozialetan azkenaldian nik soilik ikusten ditut 'super-emakume' irudia indartzen duten profilak, niretzat dagoeneko oso zaharkitua geratu dena. Denarekin ahal dute emakumeak: lana, ikasketak, hazkuntza, eskalada…badirudi batzuetan feminismoarekin aurrera egin beharrean apur bat atzera goazela"

Baina Ingrávidas proiektua agertu zen, eta ahaztu egin nintzen gai horretaz. Horren ostean berreskuratu nuen berriz. Izan ditut zalantzak, nahiko argi dudalako nik ez dudala ama izan nahi.

Baina eskalatzaile hauek gai bat ireki zuten nik garatu eta itxi nahi nuena, eta horretarako modurik egokiena iruditu zitzaidan Escalantes liburuaren aldaera bat egitea gai hau ardatz hartuta.

Gainera, sare sozialetan azkenaldian nik soilik ikusten ditut “super-emakume” irudia indartzen duten profilak, niretzat dagoeneko oso zaharkitua geratu dena. Denarekin ahal duten emakumeak: lana, ikasketak, hazkuntza, eskalada…badirudi batzuetan feminismoarekin aurrera egin beharrean apur bat atzera goazela.

Hortik sortu zen liburu berriaren ideia, erakusteko eskalatzen duten pertsona normalen errealitate subjektiboak. Bilaketa zabala egin nahi nuen, bikotea zuen emakume heterosexualetik harago, baina topatu dudan errealitatea eta elkarrizketetarako topatu ditudan pertsonak profil horri erantzuten diote.

Gauzak hala, nik ez dut hori moldatu, bestelako errealitatea ikertzeko prest nengoen arren: adopzioak, bikote banatuak… hazkuntzaren kontzeptua barne-hartu dezakeen gauza orori. 

Bilaketa aktiboagoa egin behar izan zenuen?

Pertsona batzuk nire ingurukoak ziren eta gero ahoz aho zabalduta iritsi zitzaizkidan elkarrizketatutako 14 pertsonak. 

Uste dut, beste behin, hedabideetatik saltzen ari zaigula gauza bat ez dena erreala. Nahi nituen narratiba batzuk horrekin apurtuko zutenak eta hitz egingo zutenak ukapenez, beldurrez, ezintasunez… eta hau izan da emaitza. 

Liburuei lotuta daude “Deporte desde los márgenes” jardunaldiak. Hiru liburu plazaratu dituzu orain arte, eta igandean Orbeko Etxean egin zenuten jardunaldien hirugarren edizioa. Nola elkar-elikatzen dira bi ekimenak?

Helburua da arestian aipatutako komunitate horren eraikuntzan jarraitzea. Nik ez dut nire burua kirolaritzat hartzen, beste begirada batetik gozatzen dut eskaladaz eta mendiaz, eta gogoak nituen hori sustatuko zuten jarduera edo topaketak egiteko. Escalantes liburuaren aurkezpenetako batzuetan tailer ez-mistoak egiten genituen lehenago. Orduan, nire asmoa zen formatu horiek batu eta handitzea, liburuaren aurkezpena egin beharrik gabe. Eskaladaz hitz egiten jarraitzeko, baina kirola beste begirada batzuetatik jorratzen zuen jendea batuta.

Lehen jardunaldiak Karmela espazioan izan ziren, Bilbon. Tailer ez-misto batekin hasi ziren, zeinetara jende asko batu zen. Ana Pastor ere bertaratu zen, Chandaleras entseguaren egilea. Karmela espazio polit bat da, rokodromo bat duelako. 

Bigarren edizioa eskualdean egin zen, Orbeko Etxean. Goizean tailer ez-misto bat egin zen, Ainhok (Ainhoa Garcia, Ingrávidas liburuaren egileetako bat) dinamizatuta, gorputza eta eskalada ardatz hartuta. Arratsaldean, aldiz, Itxi Guerraren hitzaldi bat egon zen, Ingrávidas liburuko parte hartzailea bera ere. Disca diren pertsonei eta kirolari buruz mintzatu zen. 

"Jardunaldiak badira liburuetako gaiak lantzen jarraitzeko bide bat, eta baita komunitatea eraikitzen jarraitzekoa ere"

Modu horretan, jardunaldiak badira liburuetako gaiak lantzen jarraitzeko bide bat, eta baita komunitatea eraikitzen jarraitzekoa ere. Uste dut jardunaldiak badirela baita bide bat espazio eroso bat sortzeko eskalatzeko kide bila dagoen jendearentzat.  

Iragan igandean eginiko jardunaldiek, aldiz, ez dute amatasunarekin zerikusirik, liburua atera berri den arren. Aurten formatua aldatu dugu, ez delako jarduera ez-mistorik egon. Goizean Madrilgo UGEL (Union de Grupos Escursionistas Libertarios) erakundeko kideak egon ziren, mendiaren kapitalizazioaren inguruan hitz egiten. Arratsaldean, aldiz, Mery aritu zen solasten, Granadako paraeskalada taldeko kidea, antikapizitismoa eta eskalada ardatz hartuta: nola bizi dituen txapelketak, babesleekin gertatzen dena… azaldu zuen.

Niri oso interesgarria iruditzen zitzaidan UGELek parte hartzea, ekintza ederrak egiten dituztelako eta uste dudalako Euskal Herrian ez dagoela halakorik. Badaude mendi talde ugari hemen, baina UGELeko kideek  oso ikuspegi politiko kritikoarekin uztartzen dute mendizaletasuna. Mery, aldiz, oso pertsona jatorra da, eta lehen eskutik kontatu zuen bere errealitatea eta esperientzia. 

Jardunaldiak amaituta eta hirugarren liburua argitaratuta, zein da zure hurrengo helburua?

Bat ere ez (barreak). Urtarrilaren 24an Gasteizen aurkeztuko dut liburua eta 25ean Bilbon. Cristina Ramirez egongo da bietan, liburuaren parte hartu nuen ama eskalatzaileetako bat. Katalunian ere pare bat aurkezpen egingo ditut, baina horraino. Batzuetan txantxetan esan dugu hiru liburu hauek trilogia bat osatzen dutela, lan erabat independenteak diren arren. 

Bai aurreratu dezaket fanzine bat sortu berri dudala beste bi kiderekin (Ainho eta Valentina), laster argitaratuko duguna, feminismoak eta kirola ardatz hartuta. Baina gauza txikiago eta elkarbanatuago bat da. Liburuak idaztearena albo batera utziko dut momentuz. 

"Niri inoiz ez zait interesatu kirola helburu moduan. Nik eskalada baliatzen dut komunitatea sortzeko, konpartitzeko, elkarrizketa interesgarri batez gozatu ahal izateko…"

Aiaraldean egon da eskaladaren zaletasunaren handitze nahiko nabarmen bat azken urteetan. Talde berriak sortu eta rokodromoak ireki dira. Nola bizi izan duzu zuk?

Zaila da esatea. Jendeak aukera ditu kideak bilatzeko, baina uste dut badagoela eskalatzera mugatzen den jendea. Ez dut kritikatzen, uste dut ondo dagoela eta zilegi dela. Baina beste batzuk apur bat frikiak gara eta dena politizatzen saiatzen gara, eta hori ere akats bat da batzuetan (barreak). Nik uste herrian gauza politak egin daitezkeela, baina ni oraindik ez nahiz hemen integratzera iritsi, toki batetik bestera nabilelako eta urtebete baino ez daramadalako hemen bizitzen. 

Uste dut bi mundu daudela: kirolaren bidez komunitatea eratzea bilatzen duena eta kirola egitera mugatzen dena. Uste dut kirola egitera mugatzen den jendea ez doala Orbeko bezalako espazioetara, baina komunitatea eratzea helburu duen jendea toki guztietan dago. Polita izango litzatekeena da kirola erabili ahal izatea beste gauza batzuetarako. Niri inoiz ez zait interesatu kirola helburu moduan. Nik eskalada baliatzen dut komunitatea sortzeko, konpartitzeko, elkarrizketa interesgarri batez gozatu ahal izateko…

Baina herri batek ez ditu aukera gehiago ematen komunitate hori eraikitzeko?

Ez dakit, gehiago integratu behar naiz ondorioak ateratzeko. Laudioko rokodromoa bezalako azpiegitura bat izateak lagundu dezake horretan, baina niri ez zaizkit txapelketak interesatzen. Egon izan naiz lehiaketa herrikoi batzuetan baina erabaki dut jada ez naizela egongo, ez datozelako nirekin bat, eta uste dudalako badaudela batzeko beste modu batzuk. Egiten diren ekimen bakarrak txapelketak edo martxoaren 8a ospatzea badira… gainera, oso zaila da sare bat sortzea herri batean dauden espazioak erosoak ez badira: nola egiten den harrera jende berriari, nola antolatzen den espazioa, nolakoak diren aldagelak… uste dut detaile txiki bakoitza dela garrantzitsua jendea eroso sentitu dadin. Ez da eskaladara joate hutsa, uste dut gauza asko daudela atzetik. 

"Nola egiten den harrera jende berriari, nola antolatzen den espazioa, nolakoak diren aldagelak… uste dut detaile txiki bakoitza dela garrantzitsua jendea eroso sentitu dadin. Ez da eskaladara joate hutsa, uste dut gauza asko daudela atzetik"

Eta nola ikusten duzu eskaladak azken urteetan bizi izan duen gorakada? Aldatu dira gauzak?

Bada gimnasioa bezala, lehen profil zehatz bateko jendea zihoan eta orain mundu guztia doa. Gauza on eta txarrak izango ditu. Ondorioetako bat da mendia ulertu eta errespetatzen ez duen jendea mendira doala, eta masifikazioa sortzen dela. Denok joan nahi dugu toki guztietara. Furgonetekin mendia okupatzea… mendia oso gogoko dugu, baina gure jolastoki gisa baliatzen dugu. Gauzak asko behatu ahalko genituzke. Ez dakit zehazki zeintzuk diren ondorioak, baina bai uste dut geroz eta jende gehiago dagoela eskalatzen. Ez dut esan nahi jende gazte edo hasiberriak kontzientzia gabezia bat duenik, jende beteranoak ere ditu praktika zalantzagrri ugari.

'Boom' bat dago, bai. Zergatk? Ba, egia esan, ez dakit. Uste dut badagoela gauza bat asko hedatu dena eta arrikutsua dena, badela “emakumeen topaketa” gisa ezagutzen direnak. Zilegia iruditzen zait nahi duzunarekin batzea nahi duzuna lantzeko, baina niri pertsonalki kezka eta zalantzak sortzen dizkidate azken urteetan sortutako topaketek, “emakumeen ahalduntzea” ardatz hartzen dutenak eta gero batzuetan ez direnak izaera ez-mistokoak. Uste dut arazo bat dagoela ulertzean gune horiek berez seguruak direla.

Madrilgo Girls on the wall kolektiboak, adibidez, emakumeentzako topaketak antolatzen ditu, jende bat erosoago sentitzen delako espazio horietan. Baina denak ditu bere gauza on eta txarrak. Ikusi dut badagoela emakumeen taldeen birsortze bat, eta niri beldur apur bat ematen didate.

Zergatik?

Alde batetik, definitu beharko litzatekeelako zer ulertzen den emakume bat bezala; eta, bestetik, esentzializatu egiten dutelako emakumeak euren artean erosoago egongo direnaren kontzeptu klasikoa. Nik uste dut ezer ez dela berez erosoagoa. Ez baldin badago autokritika bat, auzoko queer-enarekin batu zaitezke, horrek ez duela ezer seguruago egingo.

Baina izan daiteke tresna baliagarri bat, ez?

Bai, hori da. Baina azken urteetan sortu dira horrelako ekimen asko. Ez ditut zalantzan jartzen, baina nire buruari galdetzen diot ea zer ekarpen egiten duten hortik harago, edo beste modu batera landu ahalko liratekeen. Uste dut kolektibo orok egin dezakeela biolentzia… niri apur bat txirriatzen dit… dena da berriz lila, arroxa… nik batzuetan horrelako topaketa batzuetan parte hartzea proposatu didate eta galdetu behar izan dut zer ulertzen duten zehazki… gaia pil-pilean dagoelako. 

Gainera, jarraitzen dute txapelketa herrikoiak antolatzen. Gauza bera egitea da, baina beste izen batekin. Zuk nahi baduzu egun batzuk eskalatzera joan emakume talde batekin zoragarria iruditzen zait, baina batzuetan iruditzen zait eduki apur bat falta dela, hausnartzea zergatik den hori seguruago edo gertukoagoa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide