Guardianen itxiera

Guardian bere asmoetan berretsi da: Bihar itzali nahi du labea

Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 10:40

Bihar hasiko dira Laudioko lantegiko labea itzaltzeko lanak. / Aiaraldea.eus

Multinazionalak prentsa ohar berri bat bidali die komunikabideei bere jarrera azaltzeko asmoz. 

Guardianek prentsa oharra plazaratu berri du berresteko bihar ekin nahi diola labea itzaltzeari eta horren gaineko azalpen gehiago emateko.

Multinazionalak adierazi du bere “kezka nagusia” labearen atzeko hormaren egoera dela. “Bertan, material erregogorraren goiko aldearen zati bat erori egin zen, eta eskuineko aldeko bloke gehienak nabarmen pitzatuta daude”, azaldu du enpresak, eta ziurtatu du orain arte ez duela horrelako kalterik ikusi beste lantegietan duen labeetako batean ere ez.

Horrez gain, gaineratu du “arrakala esanguratsua” dagoela “eztainuzko bainuaren sarrerako arkuaren blokean”.

Gauzak hala, betiere Guardianen arabera, Eusko Jaurlaritzak mahai gainean jarritako beroaldian egindako geldialdia aurrera eramanez gero, "oso litekeena da kontrolatzen zaila izango den beirazko ihesa gertatzea eta horrek labearen egituran ondorio aurreikusiezina izatea".

Horrek langileentzat segurtasun-arrisku handia dakarrela ziurtatu du enpresak. 

Bihar hasiko dira itzalketa-lanak

Hortaz, hasierako asmoetan berretsi da Guardian, eta bihar hasiko dira labea itzaltzeko prozesuarekin. Oharrean azaldu dutenez, "prozesu kontrolatu bat da, eta labearen baldintza kritikoaren araberako irismen egokia du".

Gainera, "itzalketak segurtasun-neurri eta prebentzio-protokolo zorrotzenak" jarraituko dituela adierazi du multinazionalak, eta zentzu horretan, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak hozte-prozesuari dagokion dokumentazioa eskura dutela jakinarazi du.

Era berean, Guardianek ohartarazi du "urtarrilaren 29an itzalketa-lanak saihesteko, eta labea beroaldian gelditzeko, edo egun horretatik aurrera lanean jarraitzeko edozein alderdi interesdunek aktiba dezakeen edozein maniobra legalek langileen segurtasuna arriskuan jarriko lukeela".

Langile Batzordeak atzo erabaki zuen elkarretaratzea egingo dutela bihar goizeko 7:00etatik 10:00ak arte, lanak oztopatzeko asmoz, eta greba mugagabeari ekingo diotela ostegunetik aurrera.

Eusko Jaurlaritzarekin bilera

Prentsari bidalitako oharrean, alderdi interesdun guztien kezkak ulertzen dituela eta kontuan hartuko dituela dio Guardianek, eta bide horretan, gaur bertan Eusko Jaurlaritzako ordezkari politikoekin bilduko dela azaldu du "Guardianen egoerari eta ekintza-planari buruzko xehetasunak emateko".

Langile Batzordea ere prozesu guztiaren jakinaren gainean dagoela ziurtatu du multinazionalak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide