Gaur Guardian enpresako arduradunek eta beharginen ordezkariek bilera izan dute 11:00etan, 171 langile kaleratzeko enplegua erregulatzeko espedientea dela eta. Ez da inolako adostasunik egon bertan, enpresa batzordeko bozeramaileek azaldu dutenez.
Finean, sindikatuek exijitu diote konpainiari emandako dokumentazioa osatzea, ez baitago osorik, euren ustez. Edonola ere, langile erakundeen aburuz, itxiera zuzendaritzaren fede txarraren ondorioa da eta espedientea bertan behera uzteko eskatu diote.
Multinazionalaren arduradunek, aldiz, argi utzi dute euren helburua dela ahalik eta lasterren akordioa lortzea eta enpresa ixtea. Horregatik, prestutasuna agertu dute soilik arlo ekonomikoa negoziatzeko.
Gaur izan da Guardian ixteko enplegu espedientearen bigarren bilera. Pasa den astean izan zen lehenengoa eta enpresak dokumentazioa eman zien langileei. Hurrengo asteartean, martxoaren 18an, izango da hirugarren bilera, 11:00etan.
Larunbat honetan, aldiz, "Eskualde ekimena" egingo dute Gasteizen, Guardianen itxieraren eta eskualdeko enplegu suntsiketaren aurrean esku hartzea exijitzeko erakunde publikoei. Doako autobusak antolatu dituzte bertaratzeko.