Gaur elkarretaratzea egin dute Envac Iberia enpresako langileek Laudioko Herriko plazan. Konpainia horrek kudeatzen du zabor neumatikoaren bilketa eta martxoaren 12an abiatu zuten hilabeteko greba, apirilaren 11ra arte.
Ordea, ikusita enpresak ez dituela bere aldarrikapenak aintzat hartu nahi, maiatzaren 11ra arte luzatuko da, momentuz, lanuztea.
Beharginek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diote enpresak ez duela tokiko lan hitzarmena egin nahi eta "marra gorritzat" jo duela exijentzia hori. Hala ere, langileek (bi Laudiokoak dira) argitu dute egungo estatuko hitzarmenak miseriako lan baldintzak dituela.
Halaber, beharginen ustez, enpresak iruzur egiten du eta bulego hitzarmena ezarri die, nahiz eta eurek zaborraren bilketa kudeatzeko kalera atera behar diren lana eta ardurak betetzeko.
Udalaren laguntza
Enpresak ez duenez prestutasunik agertu bere jarrera aldatzeko, langileen asmoa da presioa eragitea udalen gainean, eurek ere sakatu dezaten Envac Iberia.