EAJk eta PSE-EEk euren jarrerak arrazoitu dituzte Laudioko udal aurrekontuei dagokionez

Erredakzioa 2025ko api. 16a, 16:15

EAJren udal taldea, artxibo irudi batean. / EAJ

Jeltzaleek argudiatu dute ez dutela bat egiten aurrekontuarekin ez teknikoki, ez politikoki, ezta formen aldetik. Sozialistek, aldiz, uste dute egoera sozioekonomikoak beharrezkoa egiten duela ezberdintasunak alde batera uztea herriaren mesederako.

Aurreko legealdian EAJk eta PSE-EEk gobernua osatu bazuten ere, indarrean dagoen honetan jarrera ezberdinak hartu dituzte. Horrela islatu zuten udal aurrekontuen bozketan atzo. Gaur, aldiz, talde politiko bakoitzak ohar bana zabaldu du bere jarrera azaltzeko.

EAJ oso kritiko

EAJ oso modu kritikoan mintzatu da udal aurrekontuen inguruan eta azpimarratu du kontra bozkatzeko hautuak "arrazoi politiko, tekniko eta formen zerrenda luze bati erantzuten" diola.

Prozeduraren aldetik, Ander Añibarro bozeramaileak honakoa adierazi du: "Joan den ostiraleko udal kontuak ebazteko batzordea astelehen honetan bertan errepikatu behar izan zen, dokumentazioa osatu gabe zegoelako. Hala ere, epeak premiazko osoko bilkura batekin ezartzea erabaki dute, espediente horrek hilabeteak zeramatzanean mugitu gabe".

Edukien aldetik, EAJk aipatu du bere proposamenen %13 baino ez duela onartu EH Bilduko gobernu taldeak eta leporatu dio "Errege Magoentzako gutuna" egitea, "10, 100 edo 1.000 euroko zuzkidura sinbolikoak dituzten 80 aurrekontu-partida baino gehiago" txertatzeagatik.

Jeltzaleen iritziz, horren guztiaren sorburua da EH Bilduren "harreman instituzional autoritario, aldebakarreko eta opakua". Bide batez, gogoratu dute Arartekora jo dutela eskatutako dokumentazio guztia ez dutelako jaso oposizio lanetan.

Azkenik, EAJk aldarrikatu du bera dela gobernu alternatiba bakarra, ikusita PSE-EEk eta Omniak aurrekontuak ahalbidetu dituztela abstentzioarekin.

PSE-EEren akordioa EH Bildurekin

Loli Muriel sozialistak, aldiz, oharra zabaldu du argitzeko zergatik abstenitu zen atzo. Murielek iritzi du egoera sozioekonomikoa larria dela eta, horregatik, ezberdintasunak alboratzeko unea dela. Bere ustez, hori da modu bakarra zerbitzu publikoak bermatzeko.

Horregatik, adostasuna lortu du EH Bildurekin hainbat proiektutan, sozialisten proposamenak txertatzeko:

  • Bide segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko ikerketa finantzatzeko diru kopurua.
  • Aparkaleku gehiagoren planifikazioa.
  • Zebrabideen iluminazioa.
  • Arraño eta Alberto Acero eraberritzeko planak.
  • Merkatal jardueraren promozioa.
  • Ikastetxe publikoetan inbertsioak.
  • Edadetuen jantokia.
  • Arriskuen mapa, segurtasun gutxiko guneak ekiditeko. Esparru horiek argitzeko egitasmoa.
  • Sastraken garbiketa.
  • Kale-izendegiaren eta espazio publikoen genero ikuspegiko azterketa, emakumeek udalerriaren garapenean eta bizitasunean egin dute ekarpena aitortzeko.
  • Zentro erregionalen finantzazioa handitzea.
  • Migratzaileen harrerarako sarea sortzea.
  • Oroimen historiko eta demokratikoa sustatzeko ekintzak antolatzea.
  • Kirol kontseilua osatzea, herrian dagoen jarduerak koordinatzeko eta kirol gutxituak bultzatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide