Hilabete bat pasa da Guardianeko langile gehienak kaleratu zituztenetik. Gaur gaurkoz, dozena bat behargin inguru baino ez dira geratzen enpresan, iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari azaldutakoaren arabera.
Hala ere, erakunde publikoek baikor egoten jarraitzen dute lantegiaren jardunaren etorkizunari dagokionez, azken asteetan komunikabideetan eginiko adierazpenen arabera.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak adierazi du beira lantegiaren lursailak erosteko prest dagoela. Hala azaldu zuen Mikel Jauregik apirila amaieran, EH Bilduk legebiltzarrean eginiko galdera baten erantzunean.
Industria sailburuak zehaztu zuen Aiaraldeko Larrialdi Planak 4,5 milioi euro utzi dituela Sprilurren esku, enpresa publiko horrek eskualdeko lurzoru eta eraikin industrialak inbentariatu eta berreskuratu ditzan.
Hala ere, Jauregik aitortu zuen orain arte ez dela planaren helburuari erantzuten dion lursailik topatu, edo ez dela jabeekin akordiorik erdiesterik egon. "Nolanahi ere, une honetan, Laudioko Guardian enpresaren egoera kontuan hartuta, larrialdi planaren kargurako aktiboak eskuratzeko ahaleginak esparru horretan zentratzen ari dira, aktibo horiei balioa emateko eta balizko industria-inbertitzaileen eskura jartzeko helburuarekin", azaldu zuen sailburuak, eta gaineratu zuen Laudio Glass Hub-en sorrerarako gordetako dirua (beste 2,4 milioi euro) ere baliatu nahi dutela "enpresa-proiektu berriak" ezartzeko "Guardian eta Glavistaren azpiegituretan".
Ramiro Gonzalezen adierazpenak
Ramiro Gonzalez, bere aldetik, nabarmen baikorrago azaldu da komunikabideen aurrean. Ahaldun Nagusiak uste du posiblea izango dela akordioa ixtea Guardian Llodion interesa erakutsi duten inbertsoreekin. "Aktibitatea eta langileak egongo dira", adierazi zuen iragan astean Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, eta ziurtatu zuen negoziatzen jarraitzen dutela, operazioa "konplexua" dela aitortu arren.