Envac Iberia SA enpresako langileak greban daude duela ia hiru hilabete Laudion. Hilabeteko mobilizazio gisa sortu zena, mugagabe bilakatu da. Aiaraldeko udalerrian ez ezik, Barakaldon, Galdakaon eta Donostian ere egoera berean daude.
Behargin horien eginkizuna da zabor bilketa neumatikoaren kudeaketa egitea, azpikontratatuta. Langileetako bi dira Laudiokoak.
Lan hitzarmen propioa eskatzen dute grebalariek, momentuz estatuko hitzarmenaren menpe baitaude. Aiaraldea Komunikabidea eurekin harremanetan egon da eta salatu dute "miseriazko soldata eta lan baldintza prekarioak" dituztela.
Enpresaren ezezkoa
Martxoaren 11n greba abiatu ondoren, langileek ezezko borobila jaso dute euren aldarrikapenei dagokienez. "Lan hitzarmen bakarra nahi dutela, eta ez hamazazpi, erantzun dute", azaldu dio ELA sindikatuko kide batek Aiaraldea Komunikabideari.
Dena den, lanuztearen hirugarren hilabetean sartzear daudela, uste dute konponbiderako ate bat ireki dela. "Konpainiarekin elkartu ginen pasa den astean eta jarrera aldatu zen. Hala ere, hurrengo bileran ikusiko dugu benetan akordioa lortzeko borondatea duten", argitu dute iturri sindikalek.
Laudion arazoak begi bistan
Beharginen aburuz, hainbat udalen inplikazioa izan da gakoa ustezko jarrera aldaketa gertatzeko, leku batzuetan greba osasun arazoa bilakatzeko arriskua baitago.
Dena den, ez da hori Laudioko kasua izan. "Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu lotsagarriak ezarri ditu eta Laudion grebak ia ez du eraginik izan, baina berriki matxura gertatu da eta jadanik gutxieneko zerbitzuak ez dira nahikoak", aipatu du langileetako batek. "Guk ez dugu inolako sabotajerik egin baina, salatu dugunez, zerbitzu hau oso prekarioa da", zehaztu du.
Gauzak horrela, azken astean hainbat herritarrek ikusi dute zaborra biltokietan pilatzen dela eta, momentuz, grebak ez du etenik izango.