Meridianora iritsi dira Faktoriako sormen egonaldiak. Bi artista egon dira maiatzean Laudioko pabilioian euren sormen prozesua garatzen. Libe Estebaranz izan zen lehena, eta Oscar Pascualen txanda iritsi da gero.
Petra proiektua hezur-haragitu du Pascualek, antzerkia eta dantza uztartuta, eta iragan ostegunean aurkeztu zuen egonaldian aurreratutakoa, hainbat ikusle gogotsuren aurrean.
Gontzal Royuelak hartu du Pascualen lekukoa. Antzezleak Ximurrak pieza landuko du Faktorian, eta ekainaren 15ean eskainiko du saio irekia. Bukatzeko, Tar Tar Kolektiboko Jone Amezaga eta Manu Gaignek bisitatuko dute Aiaraldeko euskararen espazioa, Arran-Erran proiektua eraikitzeko. Euren kasuan, ekainaren 26an izango da saio irekia.