Israelen aurkako diskurtsoa ekintza konkretu batean hezur-haragitu du Aiaraldeko Ernaik Aretako jaietan. Gazte eragileak urtero jartzen du txosna festa horietan, eta aurten erabaki du Coca-Colarik ez zerbitzatzea, "Palestinari elkartasuna adierazi nahian".
Azaldu dutenez, "duen sinbolismoagatik" erabaki dute enpresa multinazional erraldoi hori boikoteatzea, "betidanik" izan dituelako "jarrera kolonialista, inperialista eta kapitalistak".
Dena den, kasu honetan, "palestinar herriaren suntsipenean duen inplikazioagatik" erabaki dute edari konpainiarekin harremana etetea, Israelen aurkako boikot, desinbertsio eta zigorren ekimenak (BDZ) jarritako irizpideak jarraituz eta bat eginez Laudio-Palestina ekimenak udako jaiei begira planteatutako dinamikarekin.
Gazte antolakundeko kideak sinetsita daude Coca-Colarik ez saltzea "neurri esanguratsua" eta "ekintza politiko eraginkorra dela". Gauzak hala, mota horretako ekimenetan "modu aktiboan" parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.