Laudioko jaiak amaituta, iritsi da balorazioak egiteko ordua, eta ez dago adostasunik. Udalak eta EAJk euren balantzeak plazaratu dituzte, eta iritzi kontrajarriak dira nagusi bien artean.
Kultur eta musika eskaintza
Laudioko Udalak nabarmendu du "giro paregabea" nagusitu dela bederatzi egunetan zehar, eta nabarmendu du euskara lehenetsi dela ekintzetan. “Jai parekide, euskaldun eta edonorren gozamenerako sortuak” izan dira, Sonia Respaldiza zinegotziaren esanetan.
Bestelako iritzia dute jeltzaleek. Euren ustez, udal programazioa "pobrea eta aniztasun nahikorik gabekoa" izan da, "bereziki musikari dagokionez". Maite Cortazar bozeramailearen esanetan, "bereziki kezkagarria" izan da "tokiko artisten presentzia eza, programazioaren maskulinizazioa eta kontzertu erreferente eta jendetsuen falta". Horri lotuta, EAJko kideek gogorarazi dute EH Bildu oso kritikoa izan zela 2022an, EAJ gobernuan zegoenean, musika programazioan emakumeen eta euskararen presentzia faltagatik, "baina aurten erakutsi dute ez daudela garai hartan eskatzen zuten mailan eta ez dituztela betetzen eurek eskatzen zituzten irizpideak".
Maite Cortazar bozeramailearen esanetan, "bereziki kezkagarria" izan da "tokiko artisten presentzia eza, programazioaren maskulinizazioa eta kontzertu erreferente eta jendetsuen falta".
Kokapen aldaketak
Jaietako ekintzetan egondako kokapen aldaketak ere izan dituzte hizpide Udalak zein EAJk, baina puntu horretan ere iritzi kontrajarriak dituzte. Tokiko erakundeak aitortu du kokapen aldaketak egon direla "eguraldi txarraren ondorioz eta antolakuntza beharretatik eratorrita", baina "jai-giroa bermatu" dela.
Jeltzaleen arabera, aldiz, "kokaleku-aldaketak egin dira behar bezala jakinarazi gabe, jarduerak gainjarri dira, gero egin ez diren ekitaldiak argitaratu dira eta etxeetara bidalitako programak akats ugari zituen". Horrez gain, opozisioko taldeak nabarmendu du aldaketa asko sare sozialen bidez baino ez direla jakinarazi. Ondorioz, "arazoak aurreikusteko eta horien aurrean erantzuteko duen gaitasun eskasa" izatea egotzi dio Gobernu taldeari.
Kuadrillei eta jai-eragileei eskerrak
Bai Udalak eta bai EAJk goraipatu dute kuadrillek eta jai-eragileek eginiko lana. Horri lotuta, jeltzaleek aipatu dute "kuadrillek ordainketa atzeratuei edo ez daudenei" aurre egin behar izan dietela, eta arazoak izan dituztela baita jai-guneekin, "gabezia teknikoak eta udalaren laguntza eskasa" nabarmenduta.
Opozisioko taldeko kideen ustez, kuadrillek eta jai eragileek salabatu dituzte aurtengo jaiak, eta mezu bat luzatu diote udal gobernuari: "Sanrokeak urte osoan prestatzen dira, ez azken hilabetean. Laudio eta bertako bizilagunek gure herriaren parean dauden jaiak merezi dituzte".
Beste gai batean ere ez daude ados Udala eta EAJ: Jaietan zabaldu diren mezu politikoetan.
Mezu politikoak jaietan
Beste gai batean ere ez daude ados Udala eta EAJ: Jaietan zabaldu diren mezu politikoetan. Udal gobernuko kideen ustetan, festek balio izan dute "herriaren konpromiso sozial eta kolektiboa" agerian uzteko. "Lehen egunetik, Palestinari babesa adierazi diogu, gure inguruko kezkak plazaratu ditugu eta tinko erakutsi dugu Laudio ez dela erasoen aurrean isilik geratuko”, nabarmendu du.
EAJ, aldiz, gertuago dago Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak jaien azken egunean plazaratutako iritzietatik: "Jaiek gozamen kolektiborako gune komuna izan behar dute, ez norgehiagoka politikorako eszenatokia. EH Bilduk Sanrokeak aprobetxatu ditu kutsu politiko argiko pankartak eta kartelak jartzeko eta baimentzeko. Horrek ez du batzen, zatitu egiten du. Sanrokeak guztionak dira, eta herri gisa batzen gaituena partekatzeko balio behar dute. Jaietan, jaietan, jai; eta ez politika".
Dena den, gauza positibo bat nabarmendu dute EAJko kideek aurtengo jaietatik: kalean ez dela "istilu larririk" egon. Euren iritziz, horrek agerian uzten du herritarren jai- eta gizabide-izaera.
Eraso matxistak
Udalak, bere aldetik, beste afera bat baloratu du negatiboki: larunbat gauean Txosnagunean egondako "eraso eta jarrera matxistak". Gobernuko kideen ustez, gertaera horiek lainotu zuten jaietan zehar egondako errespetuzko giroa. "“Gertaera hauek onartezinak dira eraiki nahi dugun Laudio feminista batean; jaietako gune eta espazio fisiko guztiak seguruak izan behar dira herritar ororentzat", nabarmendu dute.