Ikasturtea martxa dago jadanik, baita Faktorian ere. Laudioko Industriagunean kokatutako euskararen espazioak ohiko ordutegiari heldu dio berriz. Arratsaldero egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:30etara.
Horrez gain, "Ikasturte hasierako jaia" egingo dute ostiralean, arratsalde osoko egitarauarekin. 17:30ean hasiko dira haurrentzako ur-jolasekin, 20:00etan parrillada eskainiko dute eta 22:00etan musika eskaintza egongo da, Ximenaren eskutik.
Bakarlari laudioarra estreinako aldiz igoko da Faktoriako oholtzara. 2023an eskaini zuen lehen kontzertua eta, aurreratu duenez, "sorpresak" ditu gordeta ostiraleko emanaldirako. Hainbat kanturen bertsioak taularatuko ditu, kitarra zein oinarri instrumentalak baliatuta. Baina, horrez gain, bere lehen abesti propioa estreinatzeko ere baliatuko du okasioa.
Jarduera guztiak izango dira doakoak, kontzertua salbu. Emanaldiaz gozatzeko 5 euro ordaindu beharko dute Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkideek, eta 7 euro ez-bazkideek.
