Bihar Faktoria Arabako gazte feministen egoitza bilakatu da, bertan egingo baitituzte euren topaketen IV. edizioa. 11:30ean hasiko dira harrerarekin eta 12:00etan mahai-ingurua abiatuko dute.
Eztabaida horretan bi hizlari egongo dira: Maddi Isasi LAB sindikatuko kidea eta Klaudia Ugarte Lumagorri HAT elkarteko partaidea. Biek hausnartuko dute azken urteetan sumatzen diren joera erreakzionarioei buruz eta horien aurrean egituratu daitezkeen erantzun feministak landuko dituzte.
Hala azaldu dute antolatzaileek: "Gaur egungo testuinguruaren irakurketa egingo dugu bertan eta agertzen ari diren jarrera erreakzionarioak aztertuko ditugu (Laudioko jaietan gertatutakoa, arrazakeriaren gorakada, jarrera terfen gorakada…)".
Zaldibarreko Baterajotzeari begira
13:30ean, ordea, marianitadaren ordua helduko da. Aisialdi tarte hori baliatuko dute aurrera begira jartzeko eta, zehazki, "Zaldibarren urriaren 31tik azaroaren 2ra arte ospatuko dugun Baterajotzearen inguruko informazioa eta gogoetak partekatzeko".
14:00etan etenaldia helduko da bazkaltzeko. Hemen egin daiteke izen-ematea eta ondoren Maddi Gonzalez de Herediak kontzertu akustikoa eskainiko du.
Karropoteoa eta kantukada
Azkenik, jaia gailenduko da 17:00etan, karropoteoan joango dira herrira eta gero 18:30ean kantukadaren ordua izango da.
Aiaraldeko gazte feministak
Iaz aurkeztu zuten Aiaraldeko Gazte Feministon taldea eta orain arte egindako ibilbidearen balorazioa zabaldu dute antolatzaileek: "Orain arte egindako deialdietara jende nahikoa hurbildu da, eta data zehatzetarako, Martxoak 8 edota Azaroak 25erako kasu, jende nahikoa biltzen ibili gara. Hori seinale ona da. Hala ere, zentzu guztietan talde anitzagoa osatzea gustatuko litzaiguke. Besteak beste, argi dago taldearen ehuneko handi bat Laudiokoak garela, hori beste hamaika gauzen isla da, eta gure hutsune bezala ikusten dugu. Topaketekin, eta oro har, hemendik aurrera, eskualde osoan saretzen jarraitzea da gure helburuetako bat. Horrez gain, urtean ditugun hitzordu zehatz batzuetatik at ere feminismoan antolatzea gustatuko litzaiguke jarraitutasun, baliabide eta indar gehiagorekin. Azken finean, bizitza zeharkatzen diguten gaien inguruan ari gara eta, hortaz feminismoak ere zeharkatzen digun guzti horren neurri eta espazioa hartu beharko lukeela uste dugu".